Bodegas y Viñedos Rioja Alavesa - Álava Turismo

Errioxa jatorri deitura kalifikatuak (Errioxa JDK) laurogeita hamar urte baino gehiago ditu, eta, beraz, Espainiako jatorri deiturarik zaharrena dugu. Horrez gain, zortzigarrena da munduko deiturarik onenen artean, denbora luzean goi mailako kalitateari eusten diolako bere ardoetan. Arabako Errioxa Errioxa JDKn dago sartuta, eta, gutxi gorabehera, 300 upeltegi eta 12.934 hektarea mahasti ditu.

Arabako Errioxan egoera multzo batzuk dira alde honetako ardoei nazioarteko ospea ematen diotenak: kokaleku geografikoa, klimatologia, lurrak eta mahats motak.

Gainera, honako hauek dira Arabako Errioxako ardoaren ezaugarriak: artisau eran lantzen da, ardandegidunek kontu handi-handiz ontzen dute eta ekoizpen mugatua egiten da. Eskualde honetako ardoek duten nazioarteko ezagutzaren oinarria tempranillo, Garnatxa, Mazuelo eta Graciano barietateetako mahatsez elikatutako ardo beltzen kalitatea da. Dena den, badaude ardo zuri berri eta berriztuak ere, batez ere biura barietatekoak.

Mahatsaren laborantza eta tratamenduaren tradizioa, ardorik onenak lortzeko, duela zenbait mende bezala mantendu da; hori dela-eta, bertako herrietako bizimodua, paisaia eta ohiturak denboraren joan-etorrian mantendu dira. Horren emaitza, turismo eskaintza jatorra eta esperientziaz betea da; are gehiago, askok errepikatu ere egiten dute.

Upeltegiak Errioxa JDKren barruan dituzten Arabako udalerriak Mañueta, Kripan, Elciego, Bilar, Bastida, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego, Eskuernaga eta Iekora dira.

Ardoaren ibilbidea

Arabako Errioxako ardoaren ibilbidea urteko hilabete guztietan jardueraz beterik egoten den eskaintza/ibilbidea da, turismoaren kontzeptu berri batean oinarritua.

Hala, mahasti eta upeltegien arteko esperientziei eta paisaiaren erakargarritasunari jaialdiak, herri jaiak, auto zaharren erakusketak, kirol maratoiak edo neurrira egindako txangoak batzen zaizkie.

Eskaintza hori honela osatzen da: ostatuak, landetxeak eta hotel eta lokal erosoak eta xarmaz beteak, gaua igarotzeko, eta sustraiei lotutako gastronomia, lekaleen, ortuari eta barazkien, haragien eta gozokien egundoko despentsa batek goretsia, herri errezeten artean plater onenetako batzuk legatu gisa utzi dituena. Gogo duzu?

Informazio Gehiago

Izan ere, Arabako Errioxaz mintzatzea, ardoaz mintzatzea da. Paisaien kolorea, historia, jendearen bizimodua, dena dago hari lotuta modu banaezinean.

Horregatik, ardoa eta historia aspaldi-aspalditik bidaide izan dituen lur hau ezagutzera etortzen direnentzat interesgarriak izan daitezkeen gune erakargarri batzuk aipatu behar ditugu ezinbestean.

Primicia Etxea

Guardiako upeltegi baten izena da, baina horrez gain hiribilduko eraikinik zaharrena da.

XV. mendeko upeltegi baten xarma ezagutu nahi duzu? Erdi Aroko herri bateko zorupe zuloz josian barna ibili nahi duzu? Ardo bereziak dastatu nahi? Familia baten grinaz parte hartu nahi?

Primicia Etxea Guardia hiribilduko eraikinik zaharrena da. Hemen, leku enblematiko honetan, elizak hamarrenak eta hasikinak kobratzen zituen. Zerga horrek behartuta, mendekoek uztaren hamarren bat eta lehenengo fruituak ordaintzen zituzten.

Erdi Aroan nekazaritzako produktu nagusiak garia edo zekalea ziren, baina Primicia Etxean egindako hondeatze lanetan horien arrastorik ere ez da aurkitu. Lurpetik atera den guztiak mahatsekin eta ardoarekin du zerikusia. Horrek agerian jartzen du eraikinak eta eskualdeak mahatsekin eta ardoarekin duela hainbat mendetatik hona duen lotura.

Hain berezia den eraikin batean bisita egitea, ardoan zehar historian paseatzea da. Primicia Etxean zehar ibiltzea denboraren tunelean bidaiatzea da, mahatsondoaren fruitua bere izatearen muin bihurtu duen eskualde baten esentzia bilatzea. Azken batean, ardoa bilatu aurretik... ardoaren benetako historia aurkitzen saiatzea.

Primicia Etxea
Paganos Kalea, 78
01300 Laguardia
Telefonoa
E-maila
info@casaprimicia.com

Informazio Gehiago

Marqués del Riscal

Herederos Marqués de Riscal ospetsua da bere ardoen kalitateagatik, baina erakargarritasun horri, 2006az geroztik, Frank Ghery arkitektoak diseinatutako eraikin berria batu zaio.

Eraikina titanioan dauka bere osagairik bereizgarrienetako bat, xafla handitan jarrita, Bilboko Guggenheim Museoaren estiloan, eta Arabako Errioxako paisaiaren zati bat da dagoeneko.

Haren instalazioak Eltziegon daude kokatuta, eta eraikin hauek osatzen dute: Marqués de Riscal upeltegi zaharrak, zaharrenetakoa (1858), Frank O. Gehry arkitektoak diseinatutako eraikin berri batek (dagoeneko arkitektura ondare garaikidearen parte da dagoeneko eta han dago Marqués de Riscal Hotela eta spa), eta Francis Paniego errioxar sukaldariburuaren aholkularitza pean dauden jatetxe esklusibo bik.

Marqués del Riscal
Torrea, 1
01340 Elciego
Telefono Zenbakia
E-maila
marquesderiscal@marquesderiscal.com

Informazio Gehiago

Villa Lucia Ardoaren Erakustokia

Guardian dagoen Villa Lucia Ardoaren Zentro Tematikoak tradizioa eta ikus-entzunezkoen azken teknologia uztartzen dituen museo gunea eskaintzen dio bisitariari, ardoaren eta bere lanketaren historia eta errituak modu atsegin, praktiko eta eraginkorrean ezagutzeko.

Horretarako eskura ditu 4Dko proiekzio berritzaileak, lurrinen, usainen eta koloreen dastatze birtualak; panel didaktikoak; ogibideen irudikapena beste garai batzuk gogora ekartzen dituzten txokoetan; maketak, lanabesak, hologramak, eta jakingura handienentzat laguntza interaktiboak.

Lorategiak ere daude, Samaniego alegialariaren familiaren atsedenerako finka zen horretan osteratxoa egiteko.

Arabako Errioxan ardoaren museo bakarra da.

Villa Lucia Ardoaren Erakustokia
Logroñoko errepidea, zk.g.
Guardia
Telefonoa

FITXA OSOA IKUSI

Abangoardiako Upeltegiak

Baina Arabako Errioxak ez ditu soilik ardoaren zaleak erakartzen, ardoaren munduak interes erantsiak ditu, esaterako upeltegiak barnean hartzen dituzten eraikin zoragarrien interesa; “Ardoaren Arkitektura“ deritzona, alegia.

Mahastiak, upeltegiak, beira, metala… Elementu horiek taxutzen dute hain berezia den paisaia hori. Hain zuzen ere, bost adibiderik originalenen bitartez egingo dugu errepasoa, eremu honetan zehar ardoaren ibilbide bat eginez gero bisitatzea merezi duten adibideen bitartez.

Hasteko, Guardia herrian CVNE Upeltegia nabarmentzen da, Philippe Maziéres frantziar arkitektoak diseinatutako eraikin abangoardista eta modernoa. Tina erraldoi baten itxura du, zeinetan zehar argi naturala igarotzen baita. Arkitekturaren eta paisaiaren arteko integrazioaren beste adibide nabarmen bat Samaniegon aurkituko dugu, Iñaki Aspiazuk diseinatutako Baigorri Upeltegien eraikinean. Eraikin original horren kanpoaldea hutsik dagoen kristalezko kutxa bat da, eta kutxa horretatik mahastiak ikusten dira. Lur azpian upeltegia antolatzen da, hainbat mailatan.

Gure ibilbidea jarraituko dugu ardoaren Arabako bideetan zehar. Gure hurrengo geralekua Elciego da. Bertan aurkituko dugu eskualdeko eta, seguruenik, Euskadi osoko eraikinik ospetsuenetako bat: Marqués de Riscal upeltegia, besteak beste Bilboko Guggenheim museoa eta Düsseldorf-eko Rheinturm izenekoaren ondoko etxeak diseinatu dituen Frank Gehry handiaren lana. Arkitekto horren gainerako sorkuntza-lanetan bezala, titanioa da protagonista nagusia. Ardoaren tonalitateak dira kolore batzuen eta besteen inspirazio-iturria. Antión upeltegiaren eraikina, Jesús Marino Pascualena, ez da hain ikusgarria, baina era berean ederra da.

Guardiara gatozela, Santiago Calatravak diseinatutako Ysios Upeltegia bisitatuko dugu. Forma leun eta ondulatuak dituen eraikin eder hori egiteko oinarrizko materialak erabili ziren, adibidez egurra eta metala.

Eraikin bitxiak, haietako batzuk ikusgarriak. Begi gozagarri gisa hobezinak, eta aldi berean lur horietako ardo bikainarekin ahoari atsegin emateko aproposak.