ARABAKO NATURA LARRIAZ INOLAKO AITZAKIARIK GABE GOZATU BEHAR DA. HORREGATIK, PARKE NATURALEN IBILBIDE BIRIBILAZ BEHAR BEZALA GOZATZEKO, AURREKO IBILBIDEETAN BAINO DENBORA LUZEAGOA HARTU BEHARKO DUZU. HALA ERE, ZUK ZEUK EZARRIKO DUZU ERRITMOA, IRAUPENA, NON JAN ETA NON ATSEDEN HARTU. IBILBIDEA EGITEAN, PAISAIAK ETA SENTSAZIOAK KALEIDOSKOPIO BATEN IRUDIAK BEZALA ALDATUKO DIRA. EZ AHAZTU ARGAZKI MAKINA EDO SAKELAKO TELEFONOA, USTEKABEAK UNE ORO GERTATZEN DIRA ETA.

Ibilaldi natural bitxi hau lurralde historikoaren iparraldean hasiko da. Bertan, Aiarako kuadrillan, isiltasuna eta lasaitasuna ukitu daitezkeen ingurunea duzu zain. Salbada mendilerroa (1) traza irregularreko mendigune aparta da, amildegi handiak dituena. Bota erronka harresi natural paregabe horri. Mendilerroko gailur garaienak, Tologorri, Ungino eta Txarlazo, sobera ospetsuak dira euskal mendizaleen artean. Begiratokiak, arroilak, paisaiak… eta Nerbioi ibaiaren parke lineala aurkituko dituzu. Horietan guztietan, natura peto-petoa sentitu, ukitu eta arnastu ahal izango duzu.

Urduñako mendatea zubi bukoliko gisa erabil dezakezu ibilbidearen bigarren helmugara iristeko: Valderejoko parke naturala (2) . Parkearen natura larria eta isolamendu geografikoa direla eta, Valderejo kontrastez beteriko leku liluragarria da. Kareharrizko mendigain ikaragarrietan, ia 360º-ko ikuspegi hederse gozatuko duzu; behealdean, berriz, pagadi, pinudi eta artadien artean ibiliko zara. Gainera, landaredi pribilegiatu hori bizidun askoren habitat naturala da. Haitz garaietan, Euskadiko sai areen kolonia ugariena bizi da. Lalastra herria seinaleztatutako bederatzi bidezidorren abiapuntua da Añanako kuadrillaren bihotzean dagoen haran erdizirkular ikusgarri hori bisitatzeko. Bidezidor guztietan, proba ezazu Puron ibaiaren haitzartea zeharkatzen duenetik barrena galtzen.

Ibilbidearen hirugarren helmugak Bacoren lurraldera eramango zaitu. Guardia-Arabako Errioxako kuadrillak naturaren gurari berezia, balio ekologiko handikoa, gordetzen du: Guardiako urmaelen biotopo babestua (3) . Ibilbide seinaleztatuak aurkituko dituzu biotopoa osatzen duten lau hezeguneetan; hezeguneak ekosistema hobezinak dira espezie ugarirentzat eta, zinez, paisaia eder-ederra irudikatzen dute. Pazientziaz, bertan bizi diren hegaztien hegada alderraiari jarraitu ahalko diozu. Bestetik, merezi du urmaelek irudikatzen dituzten eiteetan atsegin hartzea. Hartu astia eta utzi etortzen ilunabarrari, gorriz tindatzeko.

Aztertu zure argazki makinaren memoria; izan ere, ezin dituzu gorde gabe utzi Arabako Mendialdeko kuadrillan ikusiko dituzun irudiak. Korresko parketxeak Izkiko parke naturalean (4) murgilduko zaitu, hots, zentzumenak ongi zaintzeko bakezko toki apartean. Parkeak duen 9.000 hektareatik gorako azalerak biodibertsitatez gainezkatutako mundua eskainiko dizu, basoak eta arrokak elkarrekin bizi diren ingurunea. Kareharrizko mendiz inguraturik, arakatu ezazu Arabako Mendialdeko zeruertza goi-lautadatik, erantzun bila. Erantzun horietako asko Muela edo Soila mendietan aurkituko dituzu. Hango hegaletan, zuhaitz berezitzat hartutako hagin eta ezki ale bana bizi dira. Aurkituz gero, besarkatu itzazu haien berebiziko enborrak.

Inaziotar bideari jarraiki, natura biziaz gozatzeko desirak Arabako Lautadako kuadrillan asebeteko dituzu. Aizkorri-Aratzeko parke naturalean, (5) izadia eite anitzetan agertuko zaizu. Errusiar mendiaren pareko bizipenak izango dituzu, bazter eta ikuspegi eder-ederrak dituen Aratz mendiaren gailurretik naturak arrokan bertan landu duen San Adrian tuneleraino.

Arabako Lautadatik agur esan baino lehen, GR 25 ibilbide luzetik joanda, Uribarri-Ganboa urtegia inguratzen duen errepide ikusgarri batera helduko zara. Errepide horretatik bizikletaz edo oinez joaten bazara, haren perimetroak zure irudiaren ikuskizun bikaina oparituko dizu, uretako ispilu izurtuan islatzen baita. Hala, Zuia-Gorbeialdeko kuadrillako leku jatorrenetako batera helduko zara, Aramaiora, hain zuzen ere. Handik hurbil, Araba eta Bizkaiaren arteko mugan, Urkiolako parke naturala (6) dago, ibilbidearen azkenaurreko helmuga. Zenbait ipuin, tradizio eta kondairen sorlekua dela, tokiko magia parkeko eite natural guztietan hautematen da. Esaten denez, mendigune horretako horma bertikal ikusgarriaren barruko haitzulo batean, euskal mitologiako pertsonaia esanguratsu bat bizi da: Mari, Anbotoko dama.

Parkeen ibilbide biribila Arabak eta Bizkaiak partekatzen duten beste muga natural batean amaitzen da. Gorbeiako parke naturalak (7) duen 20.000 hektareatik gorako azaleran, zirrarak aldi oro azaleratzen dira kolore berdez margotutako paleta mugagabean. Euskadiko parke natural handienean, Gorbeia mendia dugu nagusi. Gailurra toki natural enblematikoa eta esanahiz beterikoa da. Hala berean, leku hobezina da indarrak berritu eta sentipenak askatzeko, paisaiaren handitasunari so eginez.

Itzuleran, gozatu ezazu igotako gailurraz baso berdez eta sakonez hornitutako hegal eta haranetan behera zoazela. Parkeak eskaintzen dizkizun aukera guztietan, eman ezazu paseoa Altubeko pagadietatik. Haien itxura berezia dela eta, bidexkak marraztuta ageriko zaizkigu ibilalditxo lasaiak egin eta haizearen alde egiteko, ingurunearekin guztiz bat eginda.

Araba ezagutzeak biziki hunkitzen du. Eta sentimenduz blaitzen du zure barrualdea, errealitatea amets bihurtzen den tokia. Zure patua idatzita dago, Araba du izena. Laster arte.

Salbada mendilerroa
Valderejoko parke naturala
Guardiako urmaelen biotopo babestua
Izkiko parke naturalean
Aizkorri-Aratzeko Parke Naturala
Urkiolako Parke Naturala
Gorbeiako Parke Naturala
Gorbeia Mendia