ASKOTAN, HISTORIA TXIKIEK IRAKASPEN HANDIAK DARAKUSKITE. HALA, TRADIZIOZKO BIZIMODUAREN IBILBIDEAK, URRATSEZ URRATS, EGUNEKO BIZIMODUARI BURUZKO IRAKASPENAK ESKAINIKO DIZKIZU, ETA SEGURU GAUDE ATSEGINEZ HARRITUKO ZAITUZTELA. AÑANAN, ARABAKO MENDIALDEAN ETA GUARDIA-ARABAKO ERRIOXAN, BARRU-BARRUKO BIZIPENAK SENTITZEKO BIDAIA EGINGO DUZU GOI MAILAKO INGURU HISTORIKOZ ETA NATURALEZ JOSITAKO ESKUALDEETATIK ZEHAR.

Tradiziozko bizimoduaren ibilbidea Araban sartzen da erabateko xarma daukan eskualde batetik. Hasteko, Añanako kuadrillan, bertako aldeak egunerokotasun zoragarri bihurtu ohi dira. Joan zaitez Santa Katalina lorategi botanikora (1) , Trespondeko herrian. Denboraren iraganak eta bertako natura oldartsuak -espezie autoktonoek eta bost kontinenteetatik ekarritako ia mila espeziek osatzen dute- pixkanaka-pixkanaka Santa Katalina komentuaren aurriak ezkutatu dituzte. Badaiako mendilerroaren erdialdean dagoen ezohiko inguru hori, gainera, “Starlight” Fundazioaren izar-parkea da. Hartua astia toki zoragarri horretako natura bitxiaz eta astronomia behaketaz gozatzeko.
Bizipen ezti eta gogoragarri horren ondotik, joan zaitez Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikora (2) , Iruña Okara. Aztarnategi horren jatorria Brontze Aroaren amaierakoa da eta Euskadiko kultura ondasun garrantzitsuenetakoa dugu. Ibilaldian, III. mendean inguru horretan bizi izan zirenen usadioak eta ohiturak etorriko zaizkizu gogora eta aurreko garaietako aztarnez ere jabetuko zara. Inolako zalantzarik gabe, hango bizitzaren irakaspena betiko geratuko da zure oroimenean.
Gauean, Añanako jatetxe eta ostatuen eskaintza ugariak lagundu egingo dizu egunean bizi izandako emozioak barneratzen.

Hurrengo egunean, emozio interesgarri gehiago izango dituzu zain Arabako Mendialdeko kuadrillan. Hasteko, Urizaharrako Erdi Aroko hiribildu bitxia eta aire zabaleko Museo Etnografikoa (3) ezagutuko dituzu. Urizaharrako kaleetan barrena galtzea beste aro bateko unibertso batean galtzea da. Gozatu hango harresien aztarnez, eta atsegin hartu Hegoaldeko atarian eta Ronda pasealekuan, errotan edo Jasokundeko Andra Mariaren elizan. Azkenak XII. mendeko portada erromanikoa dauka eta XVI. mendeko erretaula platereskoa.
Gure egunetara berriz etorrita, indarrak berritu eta sentsazio lurtarragoez gozatu ahal izango duzu Urizaharra edo Lagraneko ostalaritzako establezimenduetan.
Hain zuzen ere, Lagranen badago ibilbideko hurrengo geldialdia. La Traviesa interpretazio zentroa - GR 38 Ardoaren eta arrainaren ibilbidea (4) naturaren eta teknologia berrien arteko topagune adeitsuaren adibidea da. Gainera, GR38 Ardoaren eta arrainaren ibilbidea deritzonarekin lotzeko berezko sarbideetakoa da. Ibilbideak mandazainen antzinako bideak zeharkatzen ditu, Arabako Errioxa eta Kantauriko portuen artean. Ibilbide hori sendagairik onena da egunerokotasunetik aldendu eta estresa baztertzeko. La Traviesa atzean utzi ondotik, paisaien arteko aldeez gozatuko duzu eta ibilbideak Guardiaraino eramango zaitu, Guardia-Arabako Errioxa kuadrillan. Guardia leku hobezina da, (‘Espainiako herri politenetakotzat’ jo dute) bertan gaua eman eta askotariko plazer enogastronomikoetara lerratzeko.

Hurrengo goizean, hiribildu eder horretan barrena paseoan zabiltzala, ezustekoak aurkituko dituzu une oro. Harresiz inguratutako hirigune dotorearen behealdean, Guardiako urmael zeltiberiarra (5) . dago. Arkeologiako indusketa batzuetan, ausaz, 2.100 urtetik gorako urmael baten arrastoak aurkitu ziren. Urmael zeltiberiarraren interpretazio zentroan, urari hertsiki loturik bizi izan den hiribilduaren historiaz jakiteko areto museografikoa dago. Goizeko bigarren hitzordu historikoa muinoaren goialdean dago, Erregeen Andra Mariaren elizaren alboan. Abade dorretik (6) Arabako Errioxa osoa ikusiko duzu. Esaten denez, zeruertzean daude gaztelu-dorretxe horren oinplano laukiko hormek gordeta dituzten asmakizunen erantzunak. Azkenik, guri agur esan baino lehen, Arabako Errioxako altxorrik ezezagunetako bat bisitatzeko astia ere izango duzu: Lantziegoko Moredako eta Oiongo errotak. Era berean, Labar dolareak (7) nahitaez bisitatu behar dira ardoa gure kulturan noraino sustraituta dagoen ulertzeko. Bastidan, Arabako Errioxako ekialdean, hamabi labar dolare bisitatu daitezke eta, horietako edozeinetan, erritua eta ardoaren historia nahasten dituen bisitaz gozatu ahal izango duzu. Iparraldeko Monte Buena izenekoa gaurdaino ondoen iraun duena da eta iristen errazena. Dolareen bisitaldia egun gogoangarri batzuen amaiera bikaina izan daiteke.

Egun batzuk igarota, bizi izandako une gozoak gogoratzen ari zarela, deia entzungo duzu. Eta barruko ahots horrek berriro ekarriko zaitu gurera. Laster arte.

Santa Katalina lorategi botanikora
Iruña Veleiako aztarnategi arkeologikoa
Urizaharra
GR 38 Ardoaren eta arrainaren ibilbidea
Guardiako urmael zeltiberiarra
Abade dorrea
Labar Dolareak
Guardiako biotopoko urmaelak