HUTSA SENTITZEA BEGIRATOKI BATETIK “LEBITATZEAN”, ARABAKO ZAPORE ETA USAIN ONENAK AHOGOZATZEA EDO DENBORAN MILA URTE BAINO GEHIAGO ATZERA EGITEA PROPOSATZEN DIZUGU, BESTEAK BESTE, GURE BIGARREN IBILBIDEAN. IBILBIDE HORRETAN, ZU ZEU JABETUKO ZARA ARABA EZAGUTZEA OPARIA DELA ZENTZUMENENTZAT.

Gure ibilbidearen hasiera den Aiarako kuadrillak ez dio inoiz bidaiariari huts egiten, bazterren aniztasuna dela eta. Hor, Salbada mendilerroaren magalean,Maroñoko urtegia (1) aurkituko dugu. Hegazti migratzaileen babeslekua da eta xarma handiko habitat horrek zentzumenak biziarazten ditu. Hartu denbora. Eseri eta so egin paisaiari.

Geroago, arratsaldean, galdu zaitez haranean han-hemenka sakabanaturik dauden Txakolinaren ibilaldiaren (2) barruko upeltegi zoragarriren batean. Upeltegien barruan, bazter guztiek gordetzen dituzte tradiziozko ardo horren sekretuak. Berdin dio zein upeltegitara zoazen; seguru gaude bizipen kultural eta gastronomiko ia-ia mistikoa izango duzula.
Eta hainbeste emozio bizi ondoren, gaua eman dezakezu ibilbidearen barruan dauden ostatuetako batean. Landa turismoko etxeek, landetxeek, apartamentuek eta hotelek bakea eta atsedena hartzeko aukera eskaintzen diete mota guztietako bidaiariei.

Hurrengo egunean, ibilbideak zirrara handiak eskainiko dizkizu hasieratik bertatik, hala nola Nerbioi ibaiaren jauzia (3) . Bertako begiratoki izugarritik, 220 metrotik gorako amildegia ikusten dela, sentsazioak erraz gainezkatzen dira. Hala ere, gure ibilbideak ur jauziaren beste ikuspegi batzuez gozatzeko proposatzen dizu. Delikako haitzartean, urek marrazten duten bidezidorrari jarraiki, ibaiaren ibilguaren kontrako norabidean, ur jauziaren azpitik paseatu ahalko duzu. Horrez gain, jauziaren ikuspegi bereziaz gozatu ahal izango duzu, ia-ia kamera geldoan, haranaren beheko aldetik. Denbora beharko duzu inguruneaz “ohartzeko” Zuia-Gorbeialdeko kuadrillara joan baino lehen, horixe baita bigarren geldialdia edo helmuga bertigoaren aurkako ibilaldi txiki honetan. Gainalde bikain batean, Jaundia eta Basabe errekek Oiardo ibaiarekin bat egiten duten lekuan, Goiuriko ur jauzi (4) mitikoa eratzen da. Hango begiratokian, amildegi bustiaren aurrean, ikuspegi zoragarriak harri eta zur utziko zaitu. Ez da harritzekoa inguru liluragarri horretan etxalde ederrak eta negozio autoktonoak pilatzea. Ezinezkoa litzateke bertako gaztandegietan eta Baias artisau garagardotegian bisitarik ez egitea.

Indarrak berrituta, Gorbeiako parke naturalaren oinaldean, beste bi pizgarri dauzkazu zain. Zuiako haranaren erdian, Atxabalgo haitza dago eta haitzaren gailurrean haraneko otoizleku garrantzitsuena dago: Oroko Andra Mariaren santutegia (5) . Murgiatik, Bitorianoko errepide ederra hartuta, inguru berdeetatik barrena helduko zara santutegiraino.
Geroago, handik hurbil, Sarria herritik abiatuta, Arabako isurialdean dagoen Gorbeiako parke naturalaren interpretazio zentroraino joan zaitezke. Sarriako Parketxea (6) deritzon gune horretan, haraneko aberastasun naturalaz eta baliabideez jakin ahalko duzu. Gainera, atsedenlekua dago parketxean, jolasez, mahaiz eta bankuz hornitutakoa.

Gaua etortzeaz batera, Gasteizek besoak zabalik hartuko zaitu. Behin eroso jarrita, oparitu plan bikaina zure buruari eta joan zaitez Gasteizko udal azokara (7) Santa Barbara plazako postuz postu ibilita, gozatu ezazu Arabako baratze eta etxaldeetako produktu freskoen usainez, edo bestela, dastatu itzazu ikuztegi edo garbileku zaharrean jarritako gastrotabernetan. Ostegun eta larunbat goizetan, bisitaldia herri kutsuz janzten da Arabako ekoizleen azoka dela eta.

Hurrengo egunean, beste zentzumen batzuen txanda izango da. Horretarako, “bi batean” delako eskaintza baliatzea besterik ez duzu behar. Erdi Aroko hirigunearen erdi-erdian, ezinbesteko baliabide bat topatuko duzu: Bibat – Arkeologia Museoa eta Fournier Karta Museoa (8) . Bendaña jauregi arranditsu eta berrituan eta horri atxikitako eraikinean, goi mailako bi erakusketa eskaintzen duen ezohiko museo multzoa ikus daiteke. Alde batetik, Arabako Arkeologia Museoan, Arabako historiari lotutako lekukotasun zaharrenak gordetzen dira, historiaurretik Erdi Arora arte. Bestetik, Fournier Karta Museoan, arlo horretakoak diren munduko erakusketa garrantzitsuenetako bat erakusten da.

Bizipen atabiko bikoitza izan ondoren, atsegin hartu guri agur esan baino lehen. Museoaren ondoko kale eta kalearte zaratatsuak toki ezin hobeak dira oroitzeko moduko pintxoak dastatu eta lagunak egiteko.

Etxera itzultzean, zer den jakin gabe ere, zerbait betiko aldatu dela nabarituko duzu. Oso aitzakia egokia gurera berriro etortzeko erantzun bila. Laster Arte.

Maroñoko Urtegia
Txakolinaren ibilbidea
Nerbioi ibaiaren ur-jauzia
Goiuriko ur-jauzia
Oroko Andra Mariaren Santutegia
Sarriko Parketxea
Handizkako azoka
BIBAT Museoa