Artziniega eu - arabaturismo
Eduki publikatzailea
Artziniega
Artziniega hiribildua 1272an Alfontso X.a Jakintsuak sortu zuen eta laster haren herrigunea harresiekin eta babes dorreekin gotortu zen. Gaur egungo bisitariek oraindik ere horma horien aztarna batzuk ikus ditzakete, Espainia iparraldean ongien zaindurik dauden Erdi Aroko hirigune historikoetako batean zehar dabiltzala.
ARTZINIEGAKO TURISMO BULEGOA
Arteko Aldapa, 12
01474 Artziniega
Artziniegako Udalaren webgunea
artziniegakoudala.eus
Hala, Artziniegak muinoan kokatuta dagoen Erdi Aroko herrigunea ia bere horretan dauka, kale paraleloen trazadura bereziarekin: goikoa, erdikoa eta behekoa, kantoien bidez komunikatzen dira. Erdi Aroko egitura ongi gordea eta ondare elementuen kalitatea dira 1995ean monumentu multzo historiko-artistiko izendatu izanaren zioak.
Hiribildu hau merkataritza gune garrantzitsua izan zen Erdi Aroan, eta arrazoi horrengatik hainbat familia noblek beren egoitza bertan finkatzea erabaki zuten. Guztira 46 armarri, hainbat leinurenak, eta hiri etxeak, egoitza-dorreak, jauregiak, errementeria eta beste eraikin publiko batzuk Artziniegaren merkataritza historiaren lekuko dira.
Bertako ondareak askotariko estilo eta eskaintzak biltzen ditu, gotiko-errenazimendutik neoklasizismoraino, eta XVI. mendetik XX. mendera arte. Hona hemen eraikin nabarmengarrienak: Ortiz de Molinillo de Velascoren dorrea, XVI. mendearen bukaera aldekoa; Ama Agustindarren komentua, XVI. mendekoa; Valle etxetzarra, XVII. mendekoa; Bengoa dorrea, XVI. mendekoa, eta XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako hainbat jauregi armarridun.
XVI. mendeko Jasokundeko Andra Mariaren parrokiak portikoa ikusten duenari erronka bat proposatzen dio: bertako pintoreek egindako margolanetan sartutako anakronismoak bilatzea (ordenagailua, garagardo botila, etab.).
Ondare aberats horren artean, honako hauek ere gailentzen dira:
Arteko Andra Mariaren Santutegia, Santutegi gotiko dotorea. Bisitaria erraz hel daiteke hartara oinez, herriaren erdialdetik abiatuta, hamar minutu eskasean. Gordetzen duen arte elementurik nabarmengarriena XVI. mendearen hasierako erretaula bat da, espainol-flandestar estilokoa, historia eta arte monumentu izendatua, bai eta Eliz Museoa ere, balio handiko eliz artelanak ikusgai dituena.
Santutegiaren ondoan, 500 urte baino gehiagoko arte bat hazten da, “Zuhaitz Berezi” bezala bereziki babesturik dagoena.
Etnografia museoa. Erakusketa bikaina, 3.700 metro koadro baino gehiagoko eremu batean Artziniegako eta Aiara haran guztiko biztanleen landa eta hiri bizimoduak agertzen dituena. Zaharberritutako eraikin historiko batean kokaturik dago, Arteko Aldapan. Ordutegi eta prezioen inguruko informazioa hemen kontsulta daiteke: www.artziniegamuseoa.org
Museoak urtean zehar hainbat jarduera biltzen ditu: museo bizia otsaileko azken igandean, Santa Agate otsailaren 4an, margolan lehiaketa maiatzean, udako solstizioa ekainaren 21ean, arimen gauko gaueko bisita urrian, txarriboda edo txerri hilketa azaroan eta Olentzeroren bisita abenduaren 24an.
Pablo Respaldizaren sutegia. Hainbat dokumenturen lekukotasunari esker, badakigu Erdi Aroaz geroztik errementariak izan zirela Artziniegan. Pablo Respaldizaren errementeriak, herrigune historikoan, erakusten du nola lantzen zen burdina artisau eran, etxeko tresnak, nekazari lanabesak, ferrak, iltzeak, torlojuak eta burdinsareak egiteko.
Sutegia, lehengaia berotzen zen lekua, eta ingudea, zeinean nahi zen forma ematen baitzitzaion, tradiziozko lantegi honen osagai nagusiak dira.
Santxotena lantegi-museoa. Xabier Santxotena artista, Jorge Oteizaren jarraitzailea, egurraren artisautzari tradizioz lotutako familia batean jaio zen eta hainbat eta hainbat pieza bitxiren egilea da. Bisitariak museo-lantegi honetan ikusi ahal izango du haren lana, eta, halaber, eta haren bildumaz gozatu ahal izango du, eskultorearekin berarekin batera, bisitaria artearen munduan eskultore bat balitz bezala murgilduko duen esperientzia paregabe eta apartaren bidez. Museoaren formatu hau originala eta paregabea duzue, inor axolagabe utziko ez duena. Horrez gain, braillez egokituta eta oztopo arkitektonikorik gabe dago. www.santxotena.org
Artziniega ondarea eta kultura da, baina baita gastronomia, natura eta turismo aktiboa ere. Hiribildua natura inguru ikusgarrian dago eta maila guztietako xandezaletasunaren ibilbide erakargarriak bisitariaren esku jartzen ditu: ibilbidea Peñalba menditik, udalerriko tontor altuenetik, eta Mendieta herrira doazen bideak eta Soxoguti errota adibide batzuk baino ez dira.
Informazio Gehiago
Bisita gidatuak egin daitezke Artziniegako Erdi Aroko herrigunera, Pablo Respaldizaren sutegira eta Arteko Santutegira. Argibide gehiago eta erreserbak honako telefono honetan.
Kokalekua
Artziniega Gasteiztik 55 kilometrora dago, Arabako iparraldean; Bilbotik, berriz, 28 kilometrora dago. Arabako hiriburutik N-622 eta A-624 errepideak hartu behar dira; Bilbotik, aldiz, BI-636 eta BI-2604 errepideetatik edo AP-68tik hel daiteke. Garraio publikoa eta trena erabil daitezke.