Barnealdeko hondartzak Duplicate 1 - arabaturismo
Eduki publikatzailea
Barnealdeko hondartzak eta urtegiak
JENDEARENTZAKO INFORMAZIOA ETA ARRETA
GARAIOKO INFORMAZIO BULEGOA
Uribarri Ganboako urtegiak baditu barnealdeko hiru hondartza, eguzkitan etzanda egon, bainatu edo, besterik gabe, arratsalde apaleko isiltasunaz eta edertasunaz gozatzeko. Hondartza horiei, beren kalitatea aitortu eta bandera urdina eman zaie. Garaio eta Landako probintzia parkeetan daude Arabako Lautadan kokatutako urtegi honek Zadorra ibaiaren arroko urak biltzen ditu. Arro horrek Arabako iparraldeko isurialdeen banalerroko mendi hegaletatik datozen ibaiadar eta errekak bideratzen ditu. Bertan elkartzen dira iparraldetik, Elgeamendi, Aizkorri eta Aratz mendietatik, datozenak; eta hegoaldetik, Entziako mendilerrokoetatik datozenak. Urtegia eragin ozeanikoaren eta barnealdeko klima kontinentalaren arteko trantsizio gune batean kokatuta egoteak mesede egiten dio biodibertsitateari eta hainbat ingurunetako espezieak aurki daitezke bertan. Erkametz basoek, erreka eta ibaien ertzetako erribera landareek, ur xafla handiak dituzten uretako inguruneek, labore lurrek eta herrigune txikiek ahalbidetu egiten dute giza erabilera eta natura baliabideen zaintza uztartzea.Uribarri Ganboako Urtegia
Informazio gehiago
Informazio bulegoa Garaioko Parke Probintzialean dago, eta Uribarri Ganboa lakuaren inguruari eta eskura dauden jarduera eta zerbitzu guztiei buruzko informazioa ematen du.
Garaioko Hondartza
Garaioko Parke Probintziala izen bera izan duen herriaren inguruetan kokatuta dago, Uribarri Ganboako urtegiaren ertzean. Foru parke honek 116 hektareako penintsula txiki bat eratzen du, Zadorra ibaiaren bokalearen parean urtegian barneratzen dena.
Mendixka leun eta berdeak eta larre zabal eta zainduak ur xaflaren ertzean zuhaiztiekin tartekatzen diren ingurune hau toki aproposa da natura bizitzeko eta hura zaintzen, babesten eta maitatzen ikasteko. Elorri beltzak, elorri zuriak, astigarrak edo lizarrak, zikoinak, txantxangorriak, eskinosoak, kaskabeltzak, buztanikarak, tximeletak, azkonarrak edo kirikinoak dira hemen aurki ditzakegun landare eta animalietako batzuk.
Parkeak bide eta aparkalekuen barne sare bat dauka, parkerako sarbidea erosoagoa eta atseginagoa egiten duena, eta horrez gain, ondo zaindutako erabilera publikorako ekipamendu zabala (informazio bulegoa, seinaleztatutako bideak, begiratokiak, iturriak, komunak, hondartza guneak, dutxak…), aisiarako jarduerak errazten dituena.
Flora eta fauna basatia behatzea, oinez edo bizikletaz ibiltzea, naturan argazkiak ateratzea, bisita gidatuak egitea, mintegietan parte hartzea, kometak aireratzea edo bainua hartzea dira Garaion egin daitezkeen jardueretako batzuk.
Landako Hondartza
Landako Parke Probintzialak 40 hektarea ditu eta Uribarri Ganboako urtegiaren ipar-mendebaldean kokatuta dago, Arratzua – Ubarrundiako udalerriko Arlaban auzoaren eta Geltokiaren auzoaren inguruan.
Parkearen Kokalekuak, bertara autoz, bizikletaz zein garraio publikoz erraz heltzeko aukerak, bertan dauden erabilera publikoko azpiegiturek eta lekuaren ezaugarriek, toki hau naturarekin harremanetan aire zabaleko aisiaz gozatzeko leku aparta bilakatzen dute.
Jolas dimentsio hori uraren zainketarekin –urtegiaren xede nagusia biztanleei urez hornitzea dela ez da ahaztu behar– eta bertan garatzen den biodibertsitatearen kontserbazioarekin bateragarri egin behar da. Naturan aisiaz gozatzeko lekuak aukeratzerako orduan, kalitatezko paisaia, ura egotea eta natura ingurunea ondo babestuta eta zainduta egotea izaten dira kontuan gehien hartzen diren alderdiak.
Ildo horretan, Uribarri Ganboako urtegia jolas eta kirol jardueretan (arrantza, piraguismoa, windsurfa, ibilbideak, etab.) punta-puntako erreferentzia bihurtu da. Urtegiaren ertzean Gasteizko Klub Nautikoa dago. Halaber, Landan, bainatzeko egokitutako zona bat duen jolas gunea egon badago. 45 kilometroko bide artifizial batek inguratzen du urtegia. Bertatik paseatu daiteke, bizikletaz ibili, etab.
Horrez gain, urtegian Untxien irla izenekoaren aurrean dagoen Zuhatzako uhartea egun, batez ere, ikasleei zuzendutako jolas zentro bat da (udalekuak). Eremu horrek aterpea, jolas gunea, bainurako zona, ontziralekua ditu eta uretako jarduerak praktika daitezke, esaterako, arrauna, piraguismoa, windsurfa, etab. Uhartea apirilaren amaieratik urriaren erdialdera arte zabalik dago, uztail osoa eta abuztuko lehen hamabostaldia izan ezik, udalekuetarako erreserbatuta baitago. Gainontzeko garaietan, oro har, publikoarentzako irekita dago eta helduak, elkarteak, etab. joan daitezke.
Itxura ederreko haritz edo lizar bakartiak hazten diren zelai berde, zaindu eta zabalek eta horiekin tartekatzen diren pinudiek osatutako paisaia bukolikoa eskaintzen du Landak eta horri esker gune eguzkitsuak eta itzal guneak aurki daitezke ur xaflaren ertzean.
Maroñoko Urtegia
Maroñoko urtegia, izen bereko herrian kokatzen dena eta Aiarako udalerrikoa dena, Arabako iparraldearen haran honen gainean dagoen mazela malkartsuen eta haitz bertikalen mendikateak, Salbada mendizerrak, babesten du.
Inguru eder honek zelai berdez inguratutako espazio ireki zabalak ditu.
Gune honen xarmak askotarikoak dira. Arabar askok ez dituzte xarmok ezagutu ere egiten eta paisaia, zalantzarik gabe, lehenengoa da: Izoria ibaitik datozen urtegi honetako urak inguruari esker Arabako eta Euskadiko bistarik ederrenetako bat eskaintzen dute. Urte sasoi bakoitzak koloreak eta formak moldatzen ditu eta xarma berezia dauka.
Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran eraikitako Maroño urtegitik gertuko tontorrak ikusten dira, esaterako, Tologorri, Ungino eta Eskutxi, 1.180 metroko altuerarekin Salbada mendizerrako muga. Halaber, pinuek, aritzek eta zuhaixkek ostatutako inguru basotsu ederra ikustekoa da.
Martxoa eta iraila bitartean arrantza praktikatzeko aukera lekuaren beste eragingarri bat da: urak eusten dituen presagainak jarduera horren zale ugari biltzen ditu, lutxoa, espezie ugariena, edo amuarraina harrapatzen saiatzen direnak hain zuzen. Halaber, baldintza meteorologikoen ondotik mendizerra igaro ezin duten hegazti migratzaileek aterpe gisa erabiltzen dute urtegia.
Laburbilduz, Maroñok natura inguru batean eguna igaro eta gozatzeko eta bertako bideetatik ibiltzeko baldintza aproposak biltzen ditu. Horrez gain, mahaiak eta erretegiak barne hartzen dituen zona egokitua eskaintzen dio bisitariari, Nerbioiko Parke Lineala amaitu arte, Arrakundiagatik Delikara doan 33 kilometroko ibai ibilguaren paseo paraleloa.
Kokapena
Maroñoko urtegia Gasteiztik eta Bilbotik 46 eta 35 kilometrora dago, hurrenez hurren. Gasteiztik, N-622 errepidetik, AP-68 eta A-624 errepideekin bat egingo dugu; Bilbotik, berriz, AP-68 eta A-625 errepideetatik. Bi kasuetan, Amurrion, Arespalditzarako bidea hartuko dugu, eta, Murga industrialdean, ezkerrera hartuko dugu, Izoriarantz, eta, ondoren, urtegira iritsiko gara..
Albinako Urtegia
Albina Zadorra sistemako urtegirik txikiena da. Gasteiztik 9 kilometrora dago, Albina ibaiaren gainean, Aramaioko haran idilikora daraman errepidearen ondoan eta basoz inguratuta. Inguru hori bisitatzeak merezi du.
Urtegia gutxi gorabehera 4 kilometrotan zehar zabaltzen da eta forma luzanga eta estua dauka, ibaia mehartzen baita.
Urtegiak erakusten digun irudia edertasun handikoa da, itsaso txikia baso zabalen artean hain zuzen. Urtegiko behealdeko uretan dauden harlauza handiek gogora ekartzen digute hori lehen Aramaiora zihoan galtzada zela.
Hala ere, Albinan ezin da nabigatu, ezta bainatu edo aisiarako beste jarduerarik egin ere, arrantza izan ezik; “eremu nudistatzat” jotako zona bat egon badagoela gailendu behar bada ere.
Kokapena
Aintzirara iristeko, A-623 errepidea hartu behar da Legutiotik eta A-2620 errepidea Arrasatera doana. Sarrera 19. kilometroan dago, eskuinera biratu ondoren.
Urrunagako Urtegia
Urrunagako urtegia, Legutio edo Santa Engrazia izenarekin ere ezagutzen dena, euskal arrantzale askoren erreferentzia da.
Araba eta Bizkaia artean muga egiten duen eskualde altu batean kokatzen da, Gorbeiaren inguruko mendietan, eta bi probintziei edateko ura hornitzeko erabiltzen da.
Ingurua Legutioko turismo erakargarritasun nagusietako bat da eta horrek aisiarekin, kirolarekin eta atsedenarekin zerikusia duten hainbat jarduera gara daitezen eragin du.
Alde batetik, urtegiaren ertzean Sorgimendi eta Zabalaingo jolas guneak prestatu dituzte, mahaiak, parrilak, iturriak, haurrentzako jolasak, etab. dituztenak. Bestetik, iparraldean, Estropada Eremua kokatzen da. Bertako sakontasuna dela eta, 12 metrora arteko belaontziak onartzen ditu eta eski akuatikoa praktikatzeko aukera ematen du.
Kokapena
Aintzirara iristeko, A-623 errepidea hartu behar da Legutiotik eta A-2620 errepidea Arrasatera doana. Sarrera 19. kilometroan dago, eskuinera biratu ondoren.