Eduki publikatzailea

Enoturismoa

Errioxa jatorri deitura kalifikatuak (Errioxa JDK) laurogeita hamar urte baino gehiago ditu, eta, beraz, Espainiako jatorri deiturarik zaharrena dugu. Horrez gain, zortzigarrena da munduko deiturarik onenen artean, denbora luzean goi mailako kalitateari eusten diolako bere ardoetan. Arabako Errioxa Errioxa JDKn dago sartuta, eta, gutxi gorabehera, 300 upategi eta 12.934 hektarea mahasti ditu.

VILLA-LUCÍA ARDOAREN ZENTRO TEMATIKOA

 Logroñoko errepidea z/g
01300 Guardia

 945 600 032

 reservas@villa-lucia.com

 Villa-Luciaren webgunea

Arabako Errioxan egoera multzo batzuk dira alde honetako ardoei nazioarteko ospea ematen diotenak: kokaleku geografikoa, klimatologia, lurrak eta mahats motak.

Gainera, honako hauek dira Arabako Errioxako ardoaren ezaugarriak: artisau eran lantzen da, ardandegidunek kontu handi-handiz ontzen dute eta ekoizpen mugatua egiten da. Eskualde honetako ardoek duten nazioarteko ezagutzaren oinarria tempranillo, Garnatxa, Mazuelo eta Graciano barietateetako mahatsez elikatutako ardo beltzen kalitatea da. Dena den, badaude ardo zuri berri eta berriztuak ere, batez ere biura barietatekoak.

 

 

Mahatsaren laborantza eta tratamenduaren tradizioa, ardorik onenak lortzeko, duela zenbait mende bezala mantendu da; hori dela-eta, bertako herrietako bizimodua, paisaia eta ohiturak denboraren joan-etorrian mantendu dira. Horren emaitza, turismo eskaintza jatorra eta esperientziaz betea da; are gehiago, askok errepikatu ere egiten dute.

Upategiak Errioxa JDKren barruan dituzten Arabako udalerriak Mañueta, Kripan, Eltziego, Bilar, Bastida, Guardia, Lantziego, Lapuebla de Labarca, Leza, Moreda Araba, Navaridas, Oion, Samaniego, Eskuernaga eta Iekora dira.

Ardoaren ibilbidea

Arabako Errioxako ardoaren ibilbidea urteko hilabete guztietan jardueraz beterik egoten den eskaintza/ibilbidea da, turismoaren kontzeptu berri batean oinarritua: enoturismoa.

Hala, mahastien eta upategien arteko esperientziei, eta paisaiaren edertasunari, jaialdiak, herri jaiak, antzinako autoen erakusketak, kirol maratoiak eta neurrirako txangoak batzen zaizkie enoturismo eskaintza oso bat izateko.

Eskaintza hori honela osatzen da: ostatuak, landetxeak eta hotel eta lokal erosoak eta xarmaz beteak, gaua igarotzeko, eta sustraiei lotutako gastronomia, lekaleen, ortuari eta barazkien, haragien eta gozokien egundoko despentsa batek goretsia, herri errezeten artean plater onenetako batzuk legatu gisa utzi dituena. Gogoak dituzu?

Informazio gehiago

Izan ere, Arabako Errioxaz mintzatzea, ardoaz mintzatzea da. Paisaien kolorea, historia, jendearen bizimodua, dena dago hari lotuta modu banaezinean.

Horregatik, ardoa eta historia aspaldi-aspalditik bidaide izan dituen lur hau ezagutzera etortzen direnentzat interesgarriak izan daitezkeen gune erakargarri batzuk aipatu behar ditugu ezinbestean.

Villa Lucía Ardoaren Zentro Tematikoa

Guardian dagoen Villa Lucia Ardoaren Zentro Tematikoak tradizioa eta ikus-entzunezkoen azken teknologia uztartzen dituen museo gunea eskaintzen dio bisitariari, ardoaren eta bere lanketaren historia eta errituak modu atsegin, praktiko eta eraginkorrean ezagutzeko.

Horretarako eskura ditu 4Dko proiekzio berritzaileak, lurrinen, usainen eta koloreen dastaketa birtualak; panel didaktikoak; ogibideen irudikapena beste garai batzuk gogora ekartzen dituzten txokoetan; maketak, lanabesak, hologramak, eta jakingura handienentzat laguntza interaktiboak.

Lorategiak ere daude, Samaniego alegialariaren familiaren atsedenerako finka zen horretan osteratxoa egiteko.

Arabako Errioxan ardoaren museo bakarra da.