Iekorako Elurtegia - arabaturismo
Eduki publikatzailea
Iekorako Elurtegia
Iekoran, hirigunean bertan dagoen San Joan Bataiatzailearen parrokiaren atzealdean, ‘elurtegi’ zahar bat dago ezkutatuta. Eraikin horretan, antzina, neguan elurra biltegiratzen zen, udaberrian eta are udan ere erabili ahal zen izotza fabrikatzeko.
Elurtegia harlanduz eraikita dago, eta oinplano zirkularra eratzen du; bertara korridore batetik heltzen da. Estalkia kupula itxurakoa da. Erdigunean linterna bat du, elurraren zamalanetarako erabiltzen zena, baina gaur egun linterna hori itsututa dago. Lur muino txiki batek multzo hori ezkutatzen eta babesten du.
Iekoran elurraren salmenta 1665ean aipatzen da lehenengo aldiz. Garai hartako agiri batek egiaztatzen duenez, hurbil dagoen Viana herriak (Nafarroa) Iekoran elurra erosten zuen, “leku haren ondoan duen elurtegitik”.
“Elurtegiak” aspaldi-aspalditik erabili ziren. Eraikin horien jabeek putzuak elurrez betetzen zituzten, elurra zaintzen zuten eta izotz bihurtuta mozten zuten, erosleei saltzeko. Elur salmenta “Erramu Igandean” hasten zen, eta mahats bilketara arte irauten zuen.
Negua epela zenean eta elur eskasa zegoenean, Iekorako bizilagunak Toloñora igotzen ziren tontorretatik jasotzeko. Balioak urte batetik bestera gorabehera handiak izaten zituen, botatako elurraren arabera.
Adibidez, 1761ean elur jasa handiak egon ziren eta mendietatik 24 tona elur bildu ziren. Arroa bakoitza (11.5 kg.) garai hartan 24 marabedian saltzen zen, gutxi gorabehera kiloa 0,60 euroan.
Iekorako elurtegia egoera onean dago, eta oso handia da, ia-ia hamar metroko garaiera baitu. Ezaugarri horiek direla eta, turismo aldetik benetako erreferentzia da udalerrian eta Arabako Errioxan. Urte askoan ia ezinezkoa zen barrualdera sartzea, sarbideko tunela erori baitzen, baina gaur egungo jabeek balioa eman diote, herriko bizilagunentzat garrantzi sinboliko handia duela jakinda.
Kokalekua
Iekora Gasteiztik 66 kilometrora dago A-2124, BU-750, CL-127 eta A-2126 errepideetatik. Logroño 17 kilometrora soilik dago, N-111 eta A-2126 errepideetatik.