Vitoria - Gasteiz - arabaturismo
Eduki publikatzailea
Vitoria - Gasteiz
Gasteiz ia mila urte dituen hiria da, Nafarroako Antso VI. erregeak 1181ean sortua. Erdi Aroko kale egitura, almendra itxurakoa, bere hartantxe gorde du.
GASTEIZEKO TURISMO BULEGOA
Plaza de España, 1, Vitoria-Gasteiz
945 16 15 98
Aditu batzuek eusten dioten tesiaren arabera, ordurako babes harresi bat zeukan eta hori erabakigarria izan zen Gaztelako Alfontso VIII.aren tropek bertako biztanleei zortzi hilabetez jarri zieten setioan, 1200. urtean hiria menperatu arte.
Alfontso VII.ak Gasteizko lehenengo zabalgune gotikoa eginarazi zuen mendebaldeko mazelan, eta Alfontso X.a Jakintsuak 1256an ekialderantz hedatu zuen, gremioen kale gehiagorekin. Muinoaren bi aldeetako hedapen horien ondoren, hiriak azkar egin zuen aurrera, Gaztelako erresumaren eta Europa iparraldearen arteko biderik laburrenean zeukan kokaleku estrategikoa zela eta. Hirian aduana bat eta garrantzizko merkatuak zeuden.
Erdi Aroko hiriguneak gaur egun oraindik iragan historiko horren zantzu ugari ditu. Zantzu horiek guztiek 1997. urtean monumentu multzoaren deklarazioaren merezidun egin zuten eta aurrerago Europar Batasunak eraikuntza eta espazio enblematikoen birgaitze eta leheneratzerako hainbat sari eman zizkion. XI. mendeko harresia eta Santa Maria katedrala, XIII. mendekoa, adibide nabarmengarrienetako bi besterik ez dira.
Bisitariak bere ibilbidean erakargarri eta edertasun ukaezineko eliza gotikoak ere ikus ditzake, hala nola Done Mikelen eliza, jadanik hiriaren 1181eko foruan aipaturik ageri dena, edo Done Petrirena, zeinaren horman harresi atal bat ikus daitekeen, iraganeko bere defentsa izaera agertzen duen gezileiho batekin. Iragan horretan Andatarren dorreak, hiriko eraikuntzarik zaharrenetako batek, garrantzizko eginkizuna bete zuen.
Eraikuntza zibilek, hala nola Kordoi Etxeak, barruan XIII. mendeko dorre bat daukanak; El Portalon izeneko eraikin ederrak, XV. mendeko ostatu zaharrak, oraindik ere bere hormen artean gordetako historiaren xarma guztia duenak; eta plaza bakarti eta jauretxe ederrek, gudaldiz, jaunez eta elezaharrez beteriko iragan batera eramaten dituzte hiriko bazter hauetatik paseatzen direnak.
Erdi Aroko iraganaz gainera, hiriak beste aro batzuetako aztarnak ere gordetzen ditu, hala nola Errenazimentuko jauregi bikainak, etxe barrokoak eta XIX. mendeko eraikinak.
Eskoriatza Eskibel jauregia aipagarrienetako bat da. Fernan Lopez Eskoriatzak, Ingalaterrako Enrique VIII.a erregearen medikuak eta bere emazteak, Victoria Anda Eskibelek, XVI. mendearen erdialdean jauregi hau eraiki zedin agindu zuten. Jauregi hori Euskadiko Errenazimentuko arkitektura zibilaren adibide onenetako bat da, aberastasun arkitektoniko eta edergarri oparoengatik.
Barrualdean aldeetako hirutan gainjarritako arkuteria bikoitzeko patio karratu ikusgarria eta eskailera bat ditu. Zutabeetako kapitelak eta medailoiak apaingarriz josita daude.
Gasteizko Udalak Erdi Aroko almendraren monumentu, txoko eta eraikuntza guztiak ezagutzeko 7 ibilbide proposatzen dizkizu, deskargak sekzioan topa ditzakezunak.
Non dagoen, nola iritsi
Gasteiz Arabako eta Euskadiko hiriburua da. Hirira ibilgailu partikularra erabiliz (errepidez, esaterako, N-1, AP-1 Eta AP-68 errepideak) irits zaitezke eta garraio publikoa baliatuz.