Eduki publikatzailea

Andre Mari Zuriaren jaiak

Gasteizko jai nagusiak Andre Mari Zuri Gasteizko zaindariaren ohoretan ospatzen dira, abuztuaren 4tik 9ra, baina bere atarikoa dauka uztailaren 25ean, “Santiago egun”ean, “Blusaren eta Neskaren eguna” ospatzen denean. Egun horretan, gasteiztarrak San Frantzisko aldapara hurbiltzen dira berakatzen erosketa tradizionalerako eta blusen eta nesken koadrilak urteko lehen paseotxoa egiten dute.

GASTEIZKO TURISMO BULEGOA

 Espainia plaza, 1. zenbakia
01005 Gasteiz

   945 161 598

 turismo@vitoria-gasteiz.org 

Jai programa osatzeko, nekazaritza eta abeltzaintza azoka, festak, herri kirola, musika, etab. ere badaude.

 

Zenbait egun geroago, abuztuaren 4an, milaka pertsona irrikaz biltzen dira erlojuak arratsaldeko seiak jotzeko zain. Une horretan txupinazoa bota eta, bildutakoen algararen aurrean, “Zeledon”en jaitsiera hasten da. Pertsonaia, “blusa”z jantzita eta aterkia zabalik, kable batez irristatzen da San Migel elizatik Postas kaleko balkoi bateraino. Hasiera ematen zaio hala jaiari, Andre Mari Zuria plazan bildutako milaka pertsonaren zalapartarekin.

 

Ondo pasatzeko sei jaiegun, blusen koadrilek etengabe animatzen dituztenak, eta haietan Farolen Prozesio berezia nabarmentzen da.

 

Abuztuaren 10eko goizaldeko ordu batean “Zeledon”ek agur esaten dio hiriari, San Migel elizako kanpandorrera berriz igota, su artifizialen eta bildutakoen tristeziaren artean.

 

Andre Mari Zuriaren omenezko jaiak oso antzinatik ospatzen dira, hiriko zaindari izendatu baino askoz lehenagotik. 1883ra arte, "Gasteizko Jaiak" izenaren pean, zenbait ekitaldi egiten ziren irailaren lehen astean.

 

1884az geroztik abuztuan ospatu ziren, udal erabaki baten ondoren. Orduan, jaiak ofizialki Andre Mari Zuriaren ohoretan egitea erabaki zen, haren jaieguna liturgi egutegian abuztuaren 5ean agertzen baitzen. Gaur egun ezagutzen den jai egutegia 1953an ezarri zuen udalbatzak.

 

Bestalde, “Zeledon” jaien ikurra da eta Arabako baserritarra irudikatzen du. Txapela buruan eta blusa tipikoa jantzita, aterkia eskuan beti, historialariek hainbat girotan kokatu dute pertsonaia.

 

 “Zeledonen jaitsiera” lagun talde batek asmatu zuen 1957an, euren herriko jaiei ezaugarri berezi bat eman nahian. Pertsonaiaren jaitsiera sortu zuten, panpinaren eta hirira jaiak ospatzera hurbiltzen ziren probintziako nekazarien arteko analogia eginez.

 

Tradizioaren arabera Zalduondon jaio zen. Arabako herri txiki bat da eta, halako batean, iturri bat eskaini zion, zeinari, jaietan, ardoa baitario. Diotenez, pertsonaiak Antzolako Juan Zeledonio zuen izena. Beste ikertzaile batzuen arabera, “Zeledon” armada karlistako brigadierra izan zen, Andagoian jaioa, eta Zeledon Agiluz zuen izena.

 

1957an “Zeledon” pertsonaia sortu zenetik, hainbat pertsonak gorpuztu dute kondaira.