Eraztun Berdea

Eraztun Berdea

2010ean, Europako Batzordeak Gasteiz ‘Europako Hiriburu Berde’ izendatu zuen, hogeita hamar urtean baino gehiagoan ingurumena errespetatzen duten ekimenak eta garapen iraunkorreko politikak egiteko ardura hartu izana aintzatesteko. Eraztun Berdea hiriaren inguruko parke multzoa da. Parke horiek balio handia dute ekologiaren eta paisaiaren aldetik, eta aipamen hori emateko arrazoietako bat dira.

Eraztun berdea

GASTEIZEKO TURISMO BULEGOA

   Espainia plaza, 1, Gasteiz

  945 161 598

 turismo@vitoria-gasteiz.org

Informazio gehiagorako:

Gasteizko Udalaren webgunea Gasteizko Udalaren webgunea 

Iragan mendeko 90eko hamarkadaren hasieran, Gasteizko ingurua ingurumenaren eta gizartearen aldetik oneratzeko eta lehengoratzeko proiektua abian jarri zen. Horrela, aisialdirako eremu berde handia sortuko zen Euskadiko hiriburuaren inguruan. Bada, proiektu horren emaitza harrigarriak ezagutzera gonbidatu nahi zaitugu.

Gaur egun, Eraztun Berdeak sei parkez osatuta dago: Armentia, Olarizu, Zabalgana, Salburua, Zadorra eta Errekaleor. Guztiek bizigiro aniztasun handia eskaintzen dute, eta naturaren aldetik oso aberatsa den multzoa osatzen dute. Basoak, ibaiak, hezeguneak, belardiak, soroak, sastrakadiak eta heskaiak dira hiriaren ingurumarietan hainbat ekosistema aurki daitekeen adibide.

727 hektarea dituen azpiegitura berde horrek aukera paregabeak eskaintzen ditu paseorako, oinez nahiz bizikletaz, aisialdirako eta gozamenerako eta, betiere, naturarekin harremanean egoteko. Gasteizko erdigunetik oso erraz iritsi daiteke Eraztun Berdeko parkeetara, bai oinez bai bizikletaz, berriki prestatu den hirizidorren sare baten bidez.

Salburuko Parkeak nazioarteko aintzatespena du, ingurumen aldetik duen balioarengatik, eta 2002az geroztik Ramsar Hitzarmenak nazioarteko garrantzia duen hezegune izendatu zuen.

Eremu hori hainbat urmaelek osatzen dute, eta harizti txiki batean zehar ibil gaitezke urmael nagusiak lotzen eta inguratzen dituzten ibilbideak erabiliz.

Bidezidor horietan zehar ibiltzean uretako landare bitxiak, oreinak, bisoi europarrak, intsektuak eta galzorian dauden anfibioak ikus ditzakegu, eta hainbat hegazti ere bai, adibidez ur-benarriza, koartza gorria edo mokozabala.

Ataria interpretazio zentroari eta birdingean aritzen direnek asko estimatzen dituzten hegaztien bi behatokiei esker, hango aberastasun naturala ezagutzeko aukera izango dugu. Ataria zentroa Salburuko parkearen iparraldean kokatuta dago, eraikin berezi batean eta ingurunean ezin hobeto integratuta. Anillo Verde bazter berezienetako bat da.

Zentroko erakusketa iraunkorra jende guztiarentzat irekita dago doan, eta hezeguneen gaineko ezagutza errazteko eta haien balio naturalak erakusteko sortu zen. Areago, Gasteiz osoko biodibertsitatearen eta natur ondarearen garrantzia ezagutarazteko helburua ere badu. Txikientzako aisialdi-guneak ditu, baita bola-igerileku handia ere.

Armentiako Basoa Eraztun Berdeko beste bitxi bat da. Erkametz baso naturala da, eta hirigunearen eta Gasteiz mendien artean dago. Baso horretan giro anitz daude. Zenbait eremu adartsu eta itxietan, erkametzekin batera, astigarrak, elorri zuriak, elorri beltzak eta laharrak ikus ditzakegu, eta zuhaitzak sakabanatuta dauden eremu zabal eta argiagoetan txilarrak, zarrantzak eta ipar orreak agertuko zaizkigu.

Giro horietan fauna joria eta askotarikoa babesten da, ondoko animaliak, besteak beste: basurdeak, urtxintxa, hegazti harrapariak eta hogeita hamar txori txiki (kardantxiloak, txontak, txantxangorriak, ikazkinak etab.).

Flora gustuko dutenek Olarizuko Lorategi Botanikoan, izen bereko parke periurbanoan, hitzordua dute. Espazio honek baso mediterraneoko 7 hektarea ditu baina pixkanaka-pixkanaka handitu egingo da Europako baso nagusiei eusteko, baita sendabelarrentzako eremu bat izateko ere.

Kokalekua

Eraztun berdea