Labrazako Monumentu Multzoa

Labrazako Monumentu Multzoa

Labraza Erdi Aroko hiribildu harresitua da, eta 677 metroko altueran dago.

GUARDIAKO TURISMO BULEGOA

 Calle Mayor, 52 -Casa Garcetas
    01300 Laguardia

   +34 945 600 845

  turismo@laguardia-alava.com

Labrazako Webgunea  https://labraza.eus/  

Euskadiko herri gotorturik txikiena da, eta aditu batzuek diotenez, munduan ondoen kontserbatzen direnetako bat. Hala onartzeko, 2008an Herri Harresituen Munduko Saria eman zioten.

Herri Harresituen Nazioarteko Elkartearen Kontseilu Betearazleak sari hori hiru urterik behin ematen die mota horretako gotorleku historikoen kudeaketa, kontserbazio eta zaharberritzean berritzaileak diren proiektuei, eta Labrazako harresi bizia kontserbatzeko Arabako Foru Aldundiak kudeatzen duen plana saritu zuen.

Biztanleriaren asentamenduari eta defentsa gunearen egiturari berari erreparatuta, eremu horretako izaera militarrik sendoeneko herrietako bat da. Hala ere, lurralde txikia da, biztanleria urrikoa, eta nortasun politiko bereizia bereganatu zuen arrazoi estrategiko eta militarrengatik. Hiribildua gotortzeko kezka etengabea izan zen.

1196an, Antso VII.ak Labrazari Forua eman zion. Hori laguntza handi-handia izan zen lurraldea Labrazako herrixka zaharraren onerako eta beste herrixka batzuen kalterako zentralizatzeko. 1501eko abuztuaren 14an Arabako Probintziako Ermandadean sartu zen.

Labraza eta Valdevaronek bi troka sakon eratzen dituzte; bi erreka horien artean nagusi, hiribilduak Ebro ibaiaren arroaren panoramika bikaina du.

1977an udalerria Oiongo Udalean sartu zen. Gaur egun, Labraza harresiz inguratutako akropolia da; jakina, hiribilduaren sarbiderik garrantzitsuenean ez dago harresirik. Horren haritik, udalerria hiru kale estutan antolatzen da, eta kaleen artean igarobideak eta plazatxoak daude. Etxe gehienak, zaharberrituak edo aurri egoeran, XVI. mendekoak dira, errenazimendukoak, eta oraindik ere hiribilduaren lur azpian upategiek irauten dute.

Ikus dezakegunez, gaur egungo etxebizitzetako batzuk benetan harresi zaharraren kuboak dira; harrizko fabrika sendoa dutenez, hiribilduko bizilagunentzako eraikin gisa berrerabili dituzte.

Hiri morfologiaren ikuspuntutik, hiribildu horren irudia Erdi Aroko hiribildu askoren irudi tipikoa da. Kasu horietan gotorleku itzelaren itxura hori funtzio militarrarengatik dago justifikatuta, eta hemen, itxura horren indargarri, gure garaira arte oso ondo kontserbatu den harresi bikaina dugu.

Hala bada, Labrazak, tamaina txikikoa izanik ere, gaur egun ondare aberatsa gordetzen du: lau dorre, alkazar bat, almenak, pasadizoak eta tunel sekretuak, gezileihoak, ingurabideak, etab., Erdi Aroaren zaleentzako osagai tipiko guztiak.

Gune harresituan hegoaldeko atetik sartuta, San Miguelen elizara helduko gara; eliza horren harresi gotikoak defentsarako barrutiaren zati dira. Interesgarria da XIV. mendeko Mairuaren Iturrira hurbiltzea. Iturri horrek barrualdean aurpegi gotiko batekin apaindutako tutua du, eta hortik datorkio izena. Harresiaren hegoaldean hondeatutako iturri horrek igarobide sekretua zeukan hiribilduaren barnera sartzeko.

Azkenik, inguruetan, Dueñaseko pinudia bisitatu ahal da, aleppo pinuaren basoen artean Europan mendebaldeen dagoena.

 

 

Kokalekua

Labraza Euskadiko hego-ekialdeko muturrean dago, Toloñoko azken adarretan.

Gasteiztik heltzeko modurik onena Bernedoko Mendatea zeharkatuz Arabako Mendialdetik etortzea da: lehenengoz A-2124 errepidea hartzea, Armentiako Bentetan Bernedorantz desbideratzen baita. Herri horretatik, Nafarroako Lapoblacion herria zeharkatu ostean, Arabako lurraldera itzuli eta Labrazara helduko gara. Logroñotik, Oionera jo behar dugu A-4203 edo N-111 errepideetatik. Oiongo bidegurutzean A-3226 errepidea hartzen dugu Moredaraino, eta han A-3230 errepidea hartu. Herri gotortura lehenengo bidegurutzean helduko gara, eskuinean A-4211 errepidea hartuta.

Distantzia udalerriko hiriburutik Gasteizera: 65 km. Distantzia barruti judizialeko burura: 22 km. Hurbilen dagoen trenbide geltokia, Logroñon, 11 km-ra. Tokiko errepide batetik lotuta dago Moreda Arabarekin, eta azken hori N-III errepidearen bidez Logroño eta Lizarrarekin lotzen da. Tokiko beste errepide baten bidez Gorrebusto herriarekin lotuta dago.