Izkiko Parke Naturala - arabaturismo
Izkiko Parke Naturala
Izkiko Parke Naturala
Izkiko Parke Naturala Arabaren hego-ekialdean dago, 9.143 hektarea ditu eta askotariko paisaiak, natura eta kultura altxorrak biltzen ditu.
IZKI PARKEKO ETXEA
Afuera kalea, z/g, 01129 Corres
Ordutegiak eta xehetasun gehiago ikus ditzakezu esteka honetan:
Izki, funtsean, basoa da, batez ere ametzez osatua, baina pagadiak, arteak, haritzak, erkameztiak, haltzak, urkiak, etab. ere badaude, eta harkaitzak ere bai.
Ibai txikiek –esaterako, Izkik, Molinok, Berronek– harana zeharkatzen dute. Ura zenbait puntutan azaleratzen da eta, batetik, putzuak, fadurak eta istingak eratzen ditu, anfibioen eta hegaztien (txilinporta txikia, murgil handia, etab.) bizileku bihurtzeko eta, bestetik, flora baliotsua eratzen da (nenufar zuria, landare karniboroa, etab.). Hori guztia arrano beltzaren, belatz handiaren, aztorearen eta putrearen begirada arretatsuaren pean.
Goialdeetako larredi zabaletan behi, behor eta ardiak bazkatzen dira eta horrek pertsonak bizi direla adierazten du.
Kultura ondare oparoa haran eta mendi hauen historiaren lekuko da: leizeak, baselizak, herri gotortuak, karobiak, gazteluak, aztarna arkeologikoak... Eta, amaitzeko, Erdi Aroko Korres herria, parke barruan dagoen gune habitatu bakarra. Ondoko herrietako gastronomiak, artisautzak, jaiek, erromeriek eta landetxeek espazio honen interesa areagotzen dute.
Hainbat zailtasun eta luzeratako 15 bidezidorren sareak aukera ematen dio ibiltariari Izkiko paisaia ederrak ezagutzeko, bertako fauna eta flora aztertzeko eta lurralde horretan bizi izan zirenen eta bizi direnen ohiturak eta kultura balioesteko. Bide horiek bisitaria daramate interes desberdineko gune, herri, haran, baso eta abarretara.
Haritzen itzalalditik lasai-lasai ibiltzen bazara, okil ertainaren kantua edo igel arinaren korroka entzun dezakezu. Baliteke basurde handi bat modu iheskorrean ikusteko zortea izatea.
Arroka Parke Naturaleko oinarrizko osagaia da. Kareharrizko haitz izugarriak –Sophia, Muela, Kapildui, etab.— proposatutako ibilbide askotatik ikus daitezke. Ibilbide horiek, gainera, kobazulo artifizialak, monolitoak, gazteluen aurriak, zubiak, errotak ezagutzeko aukera ematen dute. Horietara guztietara hainbat bide jarraituta hel daiteke.
Hasiera batean, Izki ura zen. Duela 40 eta 100 milioi urte bitartean eremu hori sakonera txikiko itsaso batek estaltzen zuten. Horren lekuko dira Parke Natural honetako arroka barruan dauden kuskubiko fosilak, koralak, algak eta beste itsas bizitza bat. Ornodun handi batzuen aztarna fosilak ere idoro dira, esaterako, dinosauroen arrautzenak.
Parke Naturaleko lekurik adierazgarrienetakoetatik barrena egindako ibilbide didaktikoan datzan bisita gidatua hitzartu dezakete antolatutako taldeek. Bisita mota hori urte osoan zehar egiten da, asteko edozein egunetan, astelehenetan izan ezik, egun horretan itxita baitago Parketxea.
Jarduera programa zabala dago eta ikasleentzako diseinatutako bisitak ditu. Publiko guztiei zuzendutako “Parkearen naturan murgildu” ekimena udan asteartetik ostegunera garatzen da. Jarduera hori parkeko langileekin egiten den bisita gidatua da, taldearen premietara egokitzen dena bai iraupenari dagokionez, bai zailtasunari dagokionez.
Erakusketak, lantegiak, irteerak eta hitzaldiak ere antolatzen dira. Parkeak aisiagune bat du Korres herritik gertu, iturria, mahaiak, barbakoa eta zabuak dituena.
OKIL ERTAINA
Oso animalia espezie gutxi ditugu okilak bezain berezkoak eta jatorrak basoetan. Izkin hegazti horren bost mota aurki daitezke: lepitzulia, okil handi berde europarra eta Picidae familia: okil handia, txikia eta ertaina. Azken hori da adierazgarriena; izan ere, basoko hegazti arraroenetako eta ez hain ezagunetako bat da, txikia delako eta portaera iheskorra duelako.
MUELA
Durruma Kanpezutik iparraldera, Izkiko parke naturalaren hegoaldeko mugatik hurbil, karezko mendigune ikaragarrienetako bat ageri da: Muela, 1.056 metroko altueran. Mendi horren hegoaldeko mazelako labar malkartsuan, sai arreen kolonia izugarri bat bizi da. Gailurrean pagoak hazten dira, ezpel trinkoekin batera, Europako harizti handienak.
OLANDINAKO URMAELA
Izkiko Parke Naturalaren mugan, Birgarabarren eta Apinaiz artean, dago Olandinako urmaela. Lizar eta haritz zerrenda batez inguratua dagoen urmael deigarri horrek uretako flora bikaina dauka –horietan artean, nenufar zuria (Nymphaea alba) gailentzen da- eta balio handiko anfibioen habitata da, hala nola iberiar apo pintatua eta baso igel jauzkaria.
KORRESKO SAKANA
Mendeetako higaduraren ondoren, Izki ibaiak haitzarte eder bat landu du Soila eta Muela artean, Korrestik Bujandarako bidean.
Horma harritsu bertikalek espazio txiki hori zuhaitz eta zuhaixka barietate aberats batekin partekatzen dute –pagoa, erkametza, artea, ezpela, etab.-, haran meharrari kolore eta testura barietate handia emanez.
IZKIKO HARITZAK
Izkik dituen ondasun esanguratsuenen artean, bere basoak dira. Nabarmentzekoak dira parke natural horren mugen barruan, ametzez (Quercus pyrenaica) osatutako basoak. Espezie hori argi eta garbi bereizten da beste haritz batzuetatik, hosto oso lobulatuak eta ile izardunak baititu azpialdean. 3.500 hektarea inguruko azalerarekin, Europako harizti handienak daude.
Kokapena
Parkeko ipar eremuko herrietara (Birgara, Apinaiz, Atauri, Antoñana, Bujanda eta Maeztu) A-132 errepidetik hel daiteke. Maeztutik hartu Durruma Kanpezura doan A-4124 errepidea eta Korresera helduko zara.
Hegoaldetik, Gasteiz eta Logroño lotzen dituen A-2124 errepidetik sartzen da, eta Ventas de Armentian desbideratzen da, Bernedorantz, A-126 errepidetik, Markiz, Arluzea, Urturi eta Kintara heltzeko.