Museo Diocesano de Arte Sacro - arabaturismo
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa
Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoa Gasteizko ‘Katedral Berria’n dago kokatuta eta haren bilduma Arabako Foru Aldunditik, Gasteizko Gotzaindegitik eta elizbarrutiko elizetatik datozen obrek osatzen dute. Erakusketa bost sailetan dago egituratuta, kronologikoki ordenatuta, eta izenak material edo teknika nagusien arabera jarri zaizkie: harria, enborra, taula, oihala eta zilarra.
ANDRE MARI SORTZEZ GARBIA KATEDRAL BERRIA
Monseñor Cadena y Eleta kalea z/g
01008 Gasteiz
Ordutegiak eta xehetasun gehiago ikus ditzakezu esteka honetan:
Elizbarrutiko museo bat sortzeko ideia XX. mendearen hasieran sortu zen, apezpiku jauregiko geletan bildumaren lehen obrak biltzen hasi zirenean. Harrezkero zenbait kokapen izan ditu: 1923an Kontzilio Seminarioan inauguratu zen; 1930 eta 1936 bitartean Elizbarruti Seminario berrian jarri zen. 1942 eta 1999 artean, bere lanak Arabako Arte Ederren Museoak Augustin Zulueta jauregian zituen funtsen parte izatera igaro ziren, gordailu gisa.
Azkenik, 1999an, bere instalazio berrien ateak zabaldu zituen Andre Mari Sortzez Garbia Katedralean, Arabako Lurralde Historikoko elizbarrutiaren erlijio ondarea berreskuratu, kontserbatu, ikertu eta zabaltzeko helburuz.
Museoa ‘Katedral Berria’n dago kokatuta. Eraikin neogotikoa da, 1907an hasi zen eraikitzen, 1914 eta 1946 bitartean geldituta egon zen eta 1969an sagaratu zen. Barruko espazioa gardena da eta garaiera handiko bost nabe dauzka, Maumejean etxearen beirate zoragarriek argiztatuta. Alderdi izpirituala eta museo alderdia batera bizi dira tenpluan, girolako kaperak museoaren gelak bihurtzen baitira.