Santa Maria katedrala - arabaturismo
Santa Maria katedrala
Santa Maria katedrala
Santa Maria katedrala, herritarrek ‘Katedral Zaharra’ izenarekin ezagutzen dutena, Gasteizko, Arabako eta Euskadiko historia eta arte ondarearen bitxietako bat da, monumentu gisa duen berezko balioagatik, azken 700 urteetan hiriaren jaiotzaren eta bilakaeraren inguruko informazio baliotsuaren iturri izateagatik eta bisiten programa original eta sarituagatik.
Muinoaren alderdi altuenean kokatzen da (bertan, jatorrizko hiria finkatu zen), Nafarroako erregeak, Antso VI.ak (‘Antso Jakitunak’) Nova Victoria izenarekin antzinako Gasteiz herrixkaren gainean, 1181. urtean sortutakoa, eta egungo hiriaren jatorria dena. 1862. urtean, Gasteizko elizbarrutia sortu zenean, katedral kategoria hartu zuen.
Gasteiztarrek ‘Katedral Zaharra’ izenarekin ezagutzen dute, Andra Maria Sortzez Garbiari eskainitako ‘Katedral Berriarekin’ ez nahasteko. Aipatu katedrala, estilo neogotikokoa, XX. mendean eraiki zen.
Estilo gotikoko tenplua amaitu gabeko eliza gotorleku baten gainean eraikita dago eta Gaztelako Alfontso VIII. erregeak XIII. mendearen hasieran egindako Erdi Aroko defentsa sistema baten parte zen, biztanleriaren hazkundearen eta egoera estrategikoaren ondotik garrantzia irabazten ari zen gune bat babesteko.
Alfontso VIII.ak iparraldeko hiri perimetroa hobeto itxi zuen eta harridura eragin zuen ekimen bat abian jarri zuen, asmo handikoa baitzen: xede bikoitza beteko zuen eliza handi bat eraikitzea: hiriaren defentsa hobetzea eta tenplu bat eraikitzea, horren tamaina kontuan hartuta, hasitako asmo handiko hiri proiektuari erantzuna emango ziona.
Lodiera handiko zenbait horma bereizgarri dituen eliza berriak batez ere defentsa funtzioak bete zituen, iparraldean hiriaren urbanismoa artikulatzen zuen harresi handi bat bailitzan. Beharbada harrigarriena da jatorrizko eraikuntza hori, ia osorik, kanpoan dagoela (zenbait kasutan 20 metrora arte).
Alfontso VIII.ak hasitako obrak Alfontso X.aren garaian (1252-1284) erabateko proiektu aldaketa jasango du. Bigarren proiektu hori, jada gotikoa, aurrekoaren gainean gauzatuko da, bi fase handitan eta XIII. mendearen hirugarren laurdenetik XIV. mendearen amaierara arte igaroko den aldian zehar.
Bi fase garrantzitsu horien ondotik dauka tenpluaren barrualdeak egungo fisionomia.
Santa Maria, ordura arte parrokia arrunta, 1498. urtean kolegio-eliza bihurtu zen, Gasteizko oligarkiak hiriari prestigioa emateko burututako eragiketa baten bidez. Historia gertaera horrek XV. mendearen amaieran eta hurrengo mende osoan zehar gauzatuko den gorespen eta edertasun prozesua azaldu eta justifikatuko du.
Eraikuntza jarduera, batez ere XVI. mendean ikaragarria da: eraiki zituzten dorrea, korua, Done Joanen kaperak, Andra Maria Sortzez Garbiaren kaperak, Kristoren aldarea, San Rokeren aldarea, San Markosena, Erregeena, San Bartolomerena, San Joserena, San Prudentziorena, Pietatearena; baita hilobiak ere, esaterako, Ortiz de Caicedorena, Cristobal Martinez de Alegriarena, etab.
Ondorengo mendeetan aldaketek jarraitu zuten, neurri txikiagoan, gaur egun ezagutzen dugun eraikina egiteko.
Zaharberritzea
XV. mendearen amaierako eta XVI. mendeko edertasun prozesua neurri handi batean tenpluak zituen egitura arazoen erantzulea da. Arazo horiek XX. mendearen hirurogeita hamargarren hamarkadan konpondu nahi izan ziren zaharberritze prozesu baten bidez. Lortu nahi zen xedea eskuratu beharrean, arazoak larriagotu zituen.
Laurogeita hamargarren hamarkadaren hasierako sintomak bistakoak ziren: txintxor jausiak, pitzadurak nabe nagusiaren eta gurutzaduraren gangetan eta fabrikaren zona handien narriadura azken zaharberritze hori oinarri hartuta gauzatutako mantentze eta kontserbazio lanen urritasunaren aurrean.
Adituek egoera aztertu zuten eta ondorioztatu zuten Santa Mariak aurri partzialaren bilakaera prozesu motela pariatzen zuela eta, beraz, pertsonen segurtasunerako nolabaiteko arriskua egon bazegoela. Hala, erakundeek 1994. urtean tenplua publikoarentzako itxi zuten eta osorik zaharberri zedin sustatu zuten.
Santa Maria Katedrala Fundazioak (Arabako Foru Aldundia da burua Gasteizko Udalarekin eta Gasteizko Apezpikutzarekin batera) 2000. urtean zaharberritzeko asmo handiko proiektu bati ekin zion, eusteko eta deformatzeko mendetako arazoei konponbidea emateko. Gaur egun oraindik lan horiek diraute.
Leheneratze prozesu horrek barne hartzen du, hasiera-hasieratik, publikoari irekitzeko jatorrizko proposamena, “Obretan eta irekita” izenburua duen bisita programa berezi baten bidez, estatu mailan eta nazioartean aintzatespena lortu duena –Europa Nostra saria (2002)– eta hainbat idazle, esaterako, Paulo Coehlo edo Ken Follet, liluratu ditu eta horien inspirazioa izan da.
Obretan eta irekita
Santa Maria katedralean egiten diren bisita gidatuen izaera laburtzen duen izena horixe da. Izan ere, tenpluaren baitan egiten den ibilbidea obra bisita bat da. Kaskoa ere jarri behar da, baina beharrezko segurtasun neurriak biltzen ditu eta sorpresa asko eskaintzen dizkigu egunero-egunero aldatzen den proiektu bizia eta irekia baita.
‘Katedral Zaharra’ egun tenplu bat baino zerbait gehiago da, historiaren, arkitekturaren, arkeologiaren, kulturaren eta artearen arloan gaikako espazio bat izan dadin, kontuan hartuta edukiak ikerketek aurrera egin ahala aldatzen direla. Eraikuntza honetan eusteko eta deformatzeko mendetako arazoen ondotik ahuldutako tenplu baten zaharberritze obrak jarrai daitezke.
Programa bakar bati esker, bisitariak prozesu ororen lekuko dira, programa horren ikuspegiagatik eta edukiengatik. Martxan dauden lanak ikusteaz gain, emozio eta adimen esperientzia desberdin batean ere parte har daiteke -bertan, eraikuntza historiko bat irakur eta uler daitekeen agiri bat ere badela antzematen da, dituen beste balioez bestalde.
Ematen den arreta pertsonalizatua, azalpen historikoaren kaudimena eta arazoen eta konponbide zaharberritzaileen azalpen zehatza dira bisita horien ezaugarri.
Ibilbideak eraikuntza osorik, zimendatzetik dorrera arte, ikusteko aukera ematen du. Halaber, bisitak harresiaren kanpoko errondaren bidetik igarotzeko eta triforioa ikusteko aukera ematen du, azkenik, katedralaren arkupearen zaharberritzea ikusteko eta penintsula osoko XIV. mendeko portada onenetako baten tinpanoen lantzearen aparteko kalitatearekin gozatzeko.
Argibide gehiago
Bi bisita mota egin daitezke: katedrala (iraupena 60 minutu) eta katedrala+dorrea (iraupena 75 minutu).
Bisita egiteko aurretik erreserbatu behar da. Erreserba telefonoz egin daiteke 945 255 135 edo Santa Maria Katedrala Fundazioaren web orrian.
Kokapena
Santa Maria plaza z/g – 01001 Gasteiz