Valderejoko Parke Naturala - arabaturismo
Valderejoko Parke Naturala
Valderejoko Parke Naturala
Haran zabal eta garaia da, mendi-hegal malkartsuz inguratua, eta harkaitzezko itsaslabarretan amaitzen da. Honela laburbil daiteke Valderejoko paisaia.
Oharrak
Mendiko ibilbideak ez daude egokituta mugitzeko arazoak dituzten pertsonentzat. Parkeak aire zabaleko aparkalekua, piknik-gunea eta parkeko espezieei eta bidezidorrei buruzko informazio-seinaleak ditu. Sarbidea autoz, autobusez, bizikletaz edo oinez egin daiteke.
Gaubeako turismo bulegoak ere informazioa eskaintzen du.
VALDEREJO PARKE NATURALEKO INTERPRETAZIO ZENTROA
Parketxea, 01427 Lalastra
parquevalderejo@parques.araba.eus
Ordutegiak eta xehetasun gehiago ikus ditzakezu esteka honetan:
1992an Parke Natural izendatu zuten, Arabako parkerik txikiena da eta ekosistema eta paisaia ugari ditu..
Arabako mendebaldeko muturrean dagoen haran hau ia hutsik dago, eta horrek fauna eta flora aberatsa eta askotarikoa izatea errazten du.
Bovedako mendilerroak eta Arcenako mendigunearen mendebaldeko zatiak haran hori gordetzen eta babesten dute; hondoan, berriz, zelai zabalen eta laboreen artean, Puron ibaia igarotzen da, eta haren urak higatu egin ditu, urteen poderioz, naturagune berezi horretako mendiak.
Parkeak hiru gune natural hartzen ditu: tontorretakoa, ibiltariari bista ikusgarriak oparitzen dizkiona; basoko magalak; eta bailararen hondoko belardiak eta laboreak. Valderejoko harkaitzetan bizi da Euskal Herriko sai arreen koloniarik ugariena.
Seinaleztatutako bederatzi bidezidorrek parkearen zatirik handiena zeharkatzen dute eta, horien artean, Puron ibaiaren haitzartea zeharkatzen duen ibilbidea nabarmentzen da. Naturgune horretan, gainera, balio historiko handiko aztarnategi arkeologikoak daude.
Parkera Gaubea bailaratik iritsiko gara, Burgosko San Millan de San Zadornil herritik. Errepideak Lalastrako herrigunera eramango gaitu, Valderejoko bihotzean, ibilbideak egiteko abiapuntua.
Lalastra, parkearen bihotza
Parkearen Etxea edo Parketxea, egurrezko egitura eta beirate handia dituen eraikin polita, Lalastra herriaren kanpoaldean dago eta ibilbideei, jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazio guztia jartzen du txangozalearen esku. Hurbileko Landa Interpretazio Zentroak bailararen historia eta bertako jendearen usadio eta ohiturak erakusten ditu.
Lalastrak haurrentzako ekipamendua eta mahaiak dituen aisialdi-gune bat ere eskaintzen dio bisitariari, bazkariaz, jatetxeez eta nekazalturismoez gozatu ahal izateko, indarrak berreskuratu edo Valderejoren sekretuak bidezidorren bidez ezagutu ondoren erlaxatu ahal izateko.
Mendi-ibiliak gustuko dituenak harana ixten duten mendietara hainbat ibilbide eta igoera egin ditzake. Ibilbideak dira, bederatzi guztira, luzera eta zailtasun-maila askotarikoak: gehienak ibilbide laburrekoak dira, nahiz eta horietako batzuk beste batzuekin lotzen diren, esperientzia handiena duten mendizaleei ibilaldi luzeak egiteko aukera emanez.
Lahoz, Villamardones eta Ribera
Lalastraz gain, beste hiru landa-gune daude Valderejon: Lahoz, Villamardones eta Ribera. Azken biak duela zenbait hamarkada utzi ziren, eta interesgarria da bi herri horien hondakinak bisitatzea.
Gizakia garai gogoangarrietan bizi da haran honetan, eta horren erakusgarri da bere ondare kultural eta arkitektonikoa, monumentu megalitikoak (San Lorentzo tumulua, Leron mendiko monolitoa) eta garai desberdinetako eliza eta ermitak biltzen dituena. Erromatarren garaikoak dira galtzada baten aztarnak, eta Erriberan zutik dirau aztarna erromanikoak eta Erdi Aroko pintura bitxiak dituen eliza batek.
Kokapena
Gaubea udalerrian dago, Añanako Koadrilan, Arabako mendebaldeko zatian, Burgosetik oso hurbil, eta sarbide erraza du, Gasteiztik ordubete ingurura (63 kilometro) eta Gatz Haranetik 35 minutura.