Alavaturismo - Hartu Arnasa Araban - arabaturismo
Ven a viajar (video) eu
Eduki publikatzailea



BAN ancho completo Alavabus eu
Ekitaldien agenda
Ekitaldien agenda
Eduki publikatzailea
Eduki publikatzailea

Batzutan eguraldiak mendiko botak armairuan gordeta utzi eta beste mota bateko planak aukeratzera bultzatzen gaitu. Baina horrek ez du esan nahi ezin dugunik Arabako bazterrak ezagutzen jarraitu.
Museoek, interpretazio-zentroek eta kultura-espazioek aukera ematen dute historiara, tradizioetara, geologiara edo ardoaren kulturara beste ikuspegi batzutatik hurbiltzeko. Plan bat osatzeko, euritik babesteko edo, besterik gabe, Arabako paisaien atzean dagoena sakonean ezagutzeko bisita ezin hobeak dira.
Hona hemen gordetzeko moduko sei proposamen.
Asfaltokia: Arabako Mendialdeko meatze-iragana ezagutzeko
Ataurin, Vasco-Navarro Trenbidearen geltoki zaharrak gaur egun Asfaltokia, Arabako Mendialdeko Asfalto Naturalen Meatze Paisaien Interpretazio Zentroa hartzen du.
Bisita eginez ulertu daiteke nolamarkatu zituen hamarkadetan zehar asfalto naturalaren presentziak Arabako Mendialdeko ekonomia, paisaia eta bizimodua. Ibilbidearen ardatza dira geologia, antzinako meatze-ustiategiak, industria-ondarea eta baliabide horrek lurraldearekin duen lotura.
Gainera, abiapuntu egokia da historia horri lotutako inguruko beste toki batzuk hobeto ezagutzeko, hala nola Lucía meatzea edo Asfalto Naturalen Ibilbidea.
Artziniega Museoa: beste garai bateko bizimodura bidaia
Nolakoak ziren gure herrietako dendak, tailerrak, etxeak edo lanbideak duela hamarkada batzuk?
Artziniegako Museo Etnografikoak galdera horiei erantzuteko aukera ematen du, eskualdeko landa- eta hiri-bizimoduari eskainitako bilduma zabal baten bidez.
1.700 metro koadroko erakusketa 17 aretotan dago banatuta: antzinako lanbideak, etxeko espazioak eta eguneroko bizitzako hainbat alderdi daude jasota. Aurreko belaunaldiek nola bizi ziren, nola egiten zuten lan eta nolako harremanak zituzten ulertzeko bisita da.
Bisitaz gain, merezi du denbora pixka bat gordetzea amaitzean Artziniegako hirigune historikoan paseatzeko.
Villa Lucia: Arabako Errioxa ardo-kopatik harago ezagutzeko
Arabako Errioxan, ardoaz hitz egitea paisaiaz, historiaz, kulturaz eta bizimoduez hitz egitea ere bada.
Guardiatik gertu, Villa Lucia Ardoaren Zentro Tematikoak unibertso horretara beste modu batean hurbiltzeko aukera eskaintzen du. Ikus-entzunezko teknologiak, esperientzia interaktiboek, usainek, tresnek eta birsorkuntzek ardoa nola egiten den eta lurraldearekin duen harreman estua hobeto ulertzen laguntzen dute.
Geldiune bereziki interesgarria da Guardiako bisita osatzeko eta ardoak gure kopara iritsi aurretik egiten duen bide guztia hobeto ezagutzeko.
Sobrongo Uraren Museoa: esperimentatuz ikasteko
Urak ere Arabaren historiaren zati bat kontatzen du.
Sobronen, ura hainbat ikuspegitatik ezagutzeko museo interaktibo bat dago. Bertan bizitzarekin, zientziarekin eta ingurumenarekin duen harremana ezagutu daiteke, baita historian zehar izan duen erabilera terapeutikoa ere.
Uraren Museoak ikus-entzunezko baliabideak eta esperientziak uztartzen ditu modu atseginean ikasteko. Baliabide hau zaintzearen eta kontsumo arduratsua egitearen garrantzira ere hurbiltzen gaitu.
Bisita, gainera, oso testuinguru berezian dago: Sobrón estuki lotuta egon zen XIX. eta XX. mendeetan bere ur mineral-sendagarriekin eta antzinako bainuetxearekin.
BIBAT: bi museo Erdi Aroko Hirigunearen bihotzean
Gasteizko hirigune historikoaren erdian dago BIBAT, izen beraren pean bi proposamen oso desberdin biltzen dituen espazioa.
Alde batetik, Bendaña jauregian dagoen Fournier Karta Museoak karta-jokoen historia ezagutzeko aukera eskaintzen du, nazioarteko bilduma garrantzitsu baten bidez.
Bestetik, Arabako Arkeologia Museoak XIX. mendearen amaieratik lurraldean egin diren esku-hartze arkeologikoetatik datozen materialak gordetzen ditu.
Bisita ezin hobea da Erdi Aroko Hirigunean paseatzeko eta hiriko historia ezagutzen jarraitzeko.
Arabako Arte Ederren Museoa: artea jauregi baten barruan
Batzuetan, eraikina bera ere bisitaren parte da. Arabako Arte Ederren Museoa Augustin Zulueta jauregian dago, Gasteizko eraikin berezienetako batean.
B
arruan, batez ere XIX. eta XX. mendeetako euskal eta arabako arteari eskainitako bilduma ezagutu daiteke, XVIII. eta XIX. mendeetako Espainiako arteko lanekin batera. Bildumaren artean Ignacio Zuloaga, Zubiaurre anaiak, Ignacio Díaz Olano edo Fernando de Amárica bezalako artisten lanak daude.
Arabako ondarearen beste aurpegi bat ezagutzeko proposamena, hiria utzi gabe.
Araba ezagutzeko beste modu bat
Ihesaldi guztiak ez dira mendi-ibilbide batekin hasi behar, eta ez dute eguzkia ateratzearen menpe egon behar.
Antzinako geltoki batean sartu eta meatzaritzaren historia ezagutzea, duela hamarkada batzuk eguneroko bizitza nolakoa zen deskubritzea, ardoaren kulturara hurbiltzea edo museo batean barrena ibiltzea lurraldea hobeto ulertzeko modu bikainak dira.
Izan ere, Arabako paisaia bakoitzaren atzean historiak, lanbideak, tradizioak eta pertsonak daude, eta horiek ere ezagutzea merezi du.
Bisita antolatu aurretik, espazio bakoitzaren ordutegiak, sartzeko baldintzak eta erreserba egin behar den ala ez kontsultatzea gomendatzen dugu.

Azaroak Araba eraldatzen du. Basoek kolorez aldatzen dute, mahastiek mahats-bilketa atzean uzten dute, euriek ibai eta ur-jauziei protagonismoa itzultzen diete, eta naturaz, ondareaz eta gastronomiaz gozatzeko ihesaldiak egiteko gogoa pizten da.
Gainera, ez dago plan mota bakarra aukeratu beharrik. Eskualde bakoitzak urte-sasoi honetaz gozatzeko modu desberdin bat eskaintzen du: pagadien artean ibiltzea, historia duten herri txikiak ezagutzea, ardoaren eta txakolinaren kulturara hurbiltzea edo lurraldeko naturagune berezienetako batzuk zeharkatzea.
Ihesaldi baterako ideien bila bazabiltza, Arabako kuadrilletan barrena ibilbide bat proposatzen dizugu, udazkenaz zure erritmoan gozatzeko.
Arabako Mendialdea: basoak, bidezidorrak eta ura
Udazkenean, Arabako Mendialdea Arabako natura-helmuga nagusietako bat bihurtzen da.
Izki Parke Naturala inguru hau ezagutzeko aukera onenetako bat da. Bertako bide-sare zabalak basoak, ur-ibilgu txikiak eta aste hauetan horiz, okre kolorez eta gorriz janzten diren paisaiak zeharkatzen ditu.
Esperientzia eskualdeko ur-jauzietako batzuetara hurbilduz osa daiteke. Euriak lagun badira, Aguaqué edo Oteoko Errotako ur-jauzia, Antoñana inguruan, bereziki erakargarri agertzen dira.
Gainera, Antoñana, Maeztu edo Korres bezalako herriek ibilbidea ondarearekin, historiarekin eta paseo txikiekin osatzeko aukera eskaintzen dute.
Botak jantzi, presarik gabe ibili eta udazkenaz naturaren erdian gozatu nahi dutenentzako aukera ezin hobea.
Arabako Errioxa: mahats-bilketaren ondorengo paisaia
Mahats-bilketa amaitu da, baina Arabako Errioxak bisitatzeko arrazoi ugari eskaintzen jarraitzen du.
Udazkenean, mahastiek itxura erabat aldatzen dute. Udako berdeek hori, okre eta gorrixkei uzten diete lekua, Kantabria mendilerroa horizontean beti presente dagoela.
Garai bereziki atsegina da Guardia, Bastida, Eltziego edo Samaniego bezalako herriak zeharkatzeko, hirigune historikoetan gelditzeko eta paisaia beste ikuspegi batetik ikusteko.
Eta, noski, ardoak protagonista izaten jarraitzen du. Upategi batera egindako bisitak mahats-bilketaren ondoren zer gertatzen den ezagutzeko eta lurraldeari estuki lotutako ardogintza-kultura hobeto ulertzeko aukera ematen du.
Arkitektura, ondarea, gastronomia eta paisaia elkartzen dira Arabako Errioxa mahats-bilketa amaitutakoan ere ezagutzea merezi duela erakusten duen ihesaldi batean.
Aiaraldea: txakolina, Artziniega eta kultura
Udazkenak bere zaporea ere badu Aiaraldean.
Azaroan, Txakoli Bizi ekimenak Arabako Txakolina ezagutzeko eta eskualdea gastronomiaren, kulturaren, ondarearen eta paisaiaren bidez ezagutzeko hainbat esperientzia proposatzen ditu.
Ardo hau hobeto ezagutzeko, egiten duten pertsonengana hurbiltzeko eta, aldi berean, Aiaraldea osatzen duten udalerri eta txokoak ezagutzeko aukera.
Ihesaldiak Artziniegan jarrai dezake. Bertan, Santxotena Tailer Museoak Despertar de una nostalgia erakusketa azaroaren 29ra arte mantenduko du. XIX. mendearen amaieratik gaur egunera arteko ia 2.000 panpina biltzen ditu, eta haurtzaroan, oroimenean, aniztasunean eta gure gizarteak bizi izan dituen aldaketetan barrena ibilbidea proposatzen du.
Bisitan, gainera, Xabier Santxotenaren sormen-unibertsoan murgiltzeko aukera dago. Museoko egurrezko eskulturak ukitu egin daitezke, haien formak, bolumenak eta testurak hautemateko eta artistaren lana beste modu batera ezagutzeko.
Gastronomia, artea eta ondarea, Aiaraldearen aurpegi desberdinak ihesaldi berean ezagutzeko.
Gasteiz: natura hiritik atera gabe
Udazkenaz gozatzeko ez da beharrezkoa hiri-ingurunetik gehiegi urruntzea.
Gasteizko Eraztun Berdeak urte-sasoi honetan guztiz bestelako giroa hartzen duten hainbat naturagune lotzen ditu.
Horietako bat Salburua da. Bertako bidezidorrek hezeguneak zeharkatzeko eta ingurune honetan bizi den biodibertsitatea behatzeko aukera ematen dute.
Ataria, Salburuko Hezeguneen Interpretazio Zentroa, ekosistema hobeto ulertzeko leku aproposa da, eta inguruko paisaiaren ikuspegi zabalak eskaintzen ditu.
Beste aukera bat Armentiako basoa da, zuhaitzen artean paseatzeko, aire freskoa arnasteko eta landarediaren kolore-aldaketaz gozatzeko leku ezin hobea.
Eta paseatu ondoren, Gasteizko erdiguneak ondareaz, tokiko merkataritzaz eta gastronomiaz gozatzen jarraitzeko aukera eskaintzen du.
Natura eta hiria plan berean uztartu daitezkeela erakusten duen adibide bikaina.
Arabako Lautada: urtegiaren inguruko paisaiak
Uribarri-Ganboako urtegiaren inguruneak beste udazken mota bat proposatzen du, urak eta paisaia zabalek markatutakoa.
Bertako bideek urtegiko ertzeko hainbat gune oinez edo bizikletaz zeharkatzeko, begiratokietan gelditzeko edo, besterik gabe, urte-sasoi honetan paisaiak eskaintzen duen lasaitasunaz gozatzeko aukera ematen dute.
Udazkena une aproposa da, halaber, Mendixurreko Parke Ornitologikora hurbiltzeko. Urtegiaren hegoaldeko adarretako batean dago, eta ura, landaredia eta hegaztiak uztartzen dituen espazio berezia da natura behatzea gustuko dutenentzat.
Eta egunari historia pixka bat gehitzeko, Arabako Lautadak Sorginetxeko trikuharria bezalako lekuak ere gordetzen ditu, Arrizalan, lurraldeko monumentu megalitiko ezagunenetako bat.
Paisaia, natura eta ondarea uztartzen dituen proposamena, Arabako zati hau presarik gabe ezagutzeko.
Añana: gatza, ura eta ondarea
Añanako Kuadrillan ere udazkenak paisaiari beste begirada batekin erreparatzera gonbidatzen du.
Añanako Gatz Harana urteko edozein sasoitan bisitatzeko moduko leku horietako bat da. Gatz-larrainen eta kanalen sareak ur gaziak eta gizakiaren lanak mendeetan zehar Arabako kultura-paisaiarik berezienetako bati nola forma eman dioten ulertzeko aukera eskaintzen du.
Baina Añanak askoz gehiago dauka.
Ondarea eta natura uztartu nahi dituztenek Gaubea aldera jarrai dezakete edo Sobrón bezalako lekuak ezagutu, non Ebro ibaiak, paisaiak eta ur mineral-medizinalei lotutako historiak lurraldearen beste ikuspegi bat eskaintzen duten.
Bidean agertzen diren herri txikietan gelditzea ere merezi du. Udazkenean, presarik gabe zeharkatzea esperientziaren beraren parte bihur daiteke.
Gorbeialdea: Araba goitik begiratzea
Paisaia zabalak eta mendia nahiago dituztenentzat, Gorbeialdeak lurraldeko begiratoki ederrenetako batzuk gordetzen ditu.
Horietako bat Oroko santutegian dago, Zuian. Bere kokapen altuak haranaren ikuspegi zabalak eskaintzen ditu, eta santutegirako bidea bera ere udazkeneko egun argietan egiteko plan erakargarria da.
Eskualdeak, gainera, Gorbeia inguruko paisaietara hurbiltzeko eta ibiltzeko aukera ugari eskaintzen ditu. Basoek, mendiek eta landa-herri txikiek iraupen desberdineko ibilbideak antolatzeko aukera ematen dute.
Ez da beti gailur handi batera iritsi behar. Batzuetan, nahikoa da bide bat aukeratzea, begiratoki on bat aurkitzea eta minutu batzuk paisaia nola aldatzen den ikusten gelditzea.
Araba beste modu batera ezagutzeko udazkena
Udazkenak erritmoa moteltzera gonbidatzen du.
Basoen artean ibiltzera, bigarren mailako errepideak zeharkatzera, aurreikusi gabeko herri batean gelditzera, museo batean sartzera, bertako produktu bat dastatzera edo, besterik gabe, paisaia bati pixka bat gehiago begiratzera.
Arabako Errioxako mahastietatik Arabako Mendialdeko basoetara; Gasteizko hezeguneetatik Aiaraldeko txakolinera, Ullibarri-Ganboako urtegira, Añanako Gatz Haranera edo Gorbeialdeko paisaietara.
Azaro honetan, Araba ezagutzeko modu asko daude.

Badaude gida guztietan agertzen diren lekuak, eta badaude ia kasualitatez aurkitzen direnak. Araban azken horietako asko daude: paisaiak eta historiak bat egiten duten txokoak, mendeetako ondarea gordetzen duten herri txikiak eta lurraldearen alderdi ezezagunago bat erakusten duten espazioak.
Beste era bateko ihesaldi bat prestatzeko Arabako leku harrigarrien bila bazabiltza, hona hemen gogoan izatea merezi duten ideia batzuk.
Lucia meategia: lur azpiko historia
Arabako Mendialdearen erdian, segur aski Araban bisitatzea espero ez zenuen leku horietako bat dago: Lucia meategia, Ataurin dagoen asfalto naturaleko meatze zaharra.
Bisitak aukera ematen du lurraldeko industria-ondarearen alderdi ezezagunago batera hurbiltzeko eta baliabide horien ustiapena inguruko bizimoduarekin eta garapenarekin hamarkadetan zehar nola lotu zen ezagutzeko.
Esperientzia osatzeko, Asfaltokia interpretazio-zentrora egin daiteke bisita, Atauriko tren-geltoki zaharrean baitago.
Eta onena da inguruak naturan eguna luzatzera gonbidatzen duela: Izkiko Parke Naturala, Vasco-Navarro Bide Berdea eta Antoñana eta antzeko herriak oso gertu daude.
Kobazulo eremitikoak: harkaitzean induskatutako historia
Batzuetan, historiaren arrastoak aurkitzeko harkaitzari zuzenean begiratu behar zaio.
Lurraldeko hainbat tokitan harkaitzean induskatutako kobazulo eremitikoak aurki daitezke, Erdi Aroko komunitate eta eremitekin lotutako espazioak.
Horietako batzuetan, duela mende batzuk nola erabili zituzten irudikatzen laguntzen duten elementuak gordetzen dira oraindik ere: erretiro-lekuak, kultu-guneak, hilobiak edo harkaitzean bertan landutako egitura txikiak.
Markinezkoak ondare berezi honen erakusgarri dira, baina Laño, Faido edo Pinedon ere badira multzo interesgarriak.
Leku horiek, ohiko monumentu-bisitak baino gehiago, gelditzera eta paisaiari beste modu batera begiratzera gonbidatzen duten lekuak dira.
Gazeo eta Alaitza: barruan zerbait gordetzen duten elizak
Kanpotik landa-eremuko eliza txikiak dirudite; baina, barrura sartzea nahikoa da ulertzeko zergatik diren geldialdi bereziak Gazeo eta Alaitza ondareaz gozatzen duten horientzat.
Beren horma-pinturek tenplu hauek leku berezi bihurtzen dituzte, Arabako Lautadako herri txikiak zeharkatzean espero daitekeenaz oso bestelakoak.
Gainera, Araban maiz gertatzen den zerbaiten adibide ona dira: interes handieneko elementu batzuk itxuraz xumeak diren fatxaden atzean ezkutatzen dira.
Herrien eta ondare historikoaren ibilbide batean txertatzeko bisita ezin hobea.
Santa Katalina Lorategi Botanikoa: natura antzinako aurrien artean
Natura eta ondarea espazio berean elkartzen dira Santa Katalina Lorategi Botanikoan. Ibilbideak bost kontinenteetako landare eta loreen artean ibiltzeko aukera ematen du, eta XIII. mendeko komentu zahar baten aurrien artean ibiltzeko parada.
Ez da soilik lorategi baten bisita, denboraren igarotzea ere esperientza honen parte bilakatzen da.
Ihesaldi lasai baterako leku aproposa, bereziki pasealdiak, argazkigintza eta ondarea uztartzea atsegin baduzu.
Gainera, kokapenari esker, eguna erraz osa dezakezu Gasteiz inguruko beste txoko batzuk bisitatzen.
Labraza: historiaz betetako kaleetan galtzea
Arabako Errioxa mahasti eta upategiengatik da ezaguna, baina merezi du bertako herriei ere erreparatzea.
Labrazan planik onena, besterik gabe oinez ibiltzea izan daiteke. Harresiak, kale estuak, harrizko eraikinak, ondarea eta paisaiaren ikuspegiak herri txiki honen ibilbidearen parte dira, Arabako inguru honen izaera historikoa gordetzen dutenak.
Geldialdi ezin hobea da Arabako Errioxa ezagutzeko, herriak, paisaia, gastronomia eta ardoaren kultura uztartuz.
Antoñana eta Vasco-Navarro Bide Berdea
Araba ezagutzeko beste modu bat oinez edo bizikletaz egitea da.
Antoñana Erdi Aroko iragana duen hiribildu txiki bat da, Vasco-Navarro Bide Berdearen ondoan. Trenbide zaharraren bideari esker, gaur egun lurraldearen zati bat askoz ere lasaiago ibili daiteke.
Bertan Bide Berdearen interpretazio-zentro bat ere badago, eta bizikletak alokatzeko aukera dago ibilbidearekin jarraitzeko.
Antoñanatik inguruko beste ihesaldi txiki batzuk ere egin daitezke, hala nola Aguaque ur-jauzira hurbildu edo Izkiko paisaietan barneratu.
Ohiko ibilbideak amaitzen diren tokian beste Araba bat hasten da
Ez da beti monumentu handien bila joan behar leku interesgarriak aurkitzeko.
Mendi azpian ezkutatutako meategia, inork gutxik ezagutzen dituen pinturak gordetzen dituen baseliza, harkaitzean induskatutako kobazuloak edo Erdi Aroko herri txiki bat bisitaldi bateko oroitzapenik onenak bihur daitezke.
Araba horrela ere ezagutzen da: bigarren mailako errepideetan zehar, herri txikietan murgilduz eta lehen bilaketan agertu ohi ez diren leku horiei tartea eginez.










